IRASTORTZA GARMENDIA,Tere "Zu ni bazara" ARGIA 2001-7-1, 1814 Zenb- Horrela mintzatu omen zitzaionan lagun bati, begiak begietan, hilzorian zeukan anaia. «Zu ni zara», esanez. Irudituko zain hasiera tragikoa eman diodala gutunari. Baina, esaldia amodiozko deklaraziotzat har dezaken, edota etsipenari itxaropena uztartzen diotenetakotzat. Inolaz egiazkoa dun, norbere mugak onartzen dituen heinean, eta gainditu nahi dituen heinean.
Horrela mintzatu omen zitzaionan lagun bati, begiak begietan, hilzorian zeukan anaia. «Zu ni zara», esanez.
Egunotan Jorge Semprún-en azken nobelaren izenburua irakurtzean berritu dinat pasadizo hori. «Bere izenarekin biziko naiz, nirearekin hilko da» izenburupean garatzen den tragedia eta elkartasunezko historia, eta hegoaldean oso ezagun ez den Julien Green idazlearen «Zu banintz...» izeneko nobelarekin zubi eginez.
Zeren eta, zu eta ni, amodioa eta gorrotoa, egia eta gezurra edo bizitza beti binaka sentitzen eta esistitzen ditun. «Zu banintz esan» edo «ni zara esan»... gizakiak bizitzeko arrapizturik nahi duela adierazteko moduak ditun. Izan ere, J. Greenek «eguneroko bat izateari» buruz irizten zion bezala, egunerokoaren iturburuan, eta amodioaren iturburuan eta izatearen iturburuan hiltzeko beldur sekretua ari dun jalgi nahian.
|
DENOK gaitun jakitun: bizi denak hiltzea zor duela,eta lege hori ezin hautsi dugula. Eta gehienek egin nahi zionagu ihes. Orduan zer eskatzen zionagu gure bizirako hil den bati bere biografia irakurtzen dugunean? Galdera horren inguruan aritu naun hitzok harilkatzen, batean André Malraux, eta besteetan Lenin eta Stalinen biografien gaiarekin.
Antza denez, Malraux erresistentzian 1944an sartu zunan. Berak izendatu omen zinan bere burua koronel eta, harrigarriena, «Antimémoires»etan aipatu eta transkribatu zizkinan Mao-Tse-Tung eta Nerhurekin izandako elkarrizketak asmatuak izan omen zitunan. Malraux, «Itxaropena» nobela bikaina idatzi zuena, gezurrean babesten zela ondorioztatu din bere biografoak, Olivier Toldek. Eta baita Lenin ere, Robert Servicek egindako biografiaren arabera.
Baina zeri deitzen zionagu gezur eta egia? Eta egia eta gezurra antitetikoak ote? Egia eta gezurra ez ote ditu errealitateak bakarrik egiaztatzen eta gezurtatzen? Edo egia ez ote da beti beharrezko? Edozein etikak egia jartzen din den oroz gainetik, baina aldarrikapen hori ez ote errealitateak ankerki kontrakoa erakusten duela ezkutatzeko?
Eta gure artean, beste modu batean esateko, zergatik zenbaiti sinisten diogu sinestezin dena? Honokoak esaten zuena siniskaitz gertatuko zitzaigunan beste norbaitek esanda. Ala, hori entzun nahi geninan? Guk ere behar ote genizkinan gezurtxo haiek, egiten genuenari arruntasuna kendu eta harrotasuna emateko?
Era berean Frantziak ez al zinan behar intelektual antifaszista argirik? Orain Frantziak eta Europak ez al dinate heroi haien puskak lurrean barreiatu beharrik, berriz, denak, inmigrazioaren gaiarekin, ekologiarenarekin, pederastia eta haurren esklabutzarekin denak, eskumara jo dutenean, hala ere, litekeenik eta mundurik onenean eta modurik onenean bizi garela ziurtatzeko?
POSDATA: Gutun hau bidaltzeko nengoelarik, «Egunkaria»n irakurri dinat ez dugula heroi beharrik. Ez naun konformatzen , horrela eta horrela. Erantsiko nionake: Dugunik onena emateko eta izateko, beti behar ditinagu aitzindariak, eta lagunak. Gure bizian ezer arriskatu nahi ez dugunean, hobe dun beti heroiak psikoanalizatu eta gure buruak normaltzat hartzea.
Bitarte honetan, adiskide, ez gaitun litekeenik mundurik onenera iritsiak, eta pozik izango naun hi ni haizen bitartean, ni hi naun bitartean.
Tere Irastortza