Hamargarren urteurrena dute Poesia eta pentsamendua jardunaldiek, eta bi emanaldi desberdin prestatu dituzte. Gaur izango da lehenengoa, Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoan, 19:00etan; astelehenean izango da bigarrena, hilaren 12an.
Hilaren 12koa errezital musikatua izango da, eta bost andre poeta izango dira protagonista: Isabel Cadenas Cañon (Basauri, Bizkaia, 1982), Mireia Calafell (Bartzelona, 1980), Beatriz Txibite (Burlata, Nafarroa, 1991), Tere Irastortza (Zaldibia, Gipuzkoa, 1961) eta Angeles Mora (Kordoba, Espainia, 1952). Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan izango da emanaldia (19:30). Nork bere ama hizkuntzan errezitatuko ditu poemak. Emanaldi hori ere Jon Makusok musikatuko du biolinarekin.
Bost poeta horiez gain, Jerard de Jong kazetari eta idazlea ere gonbidatu dute emanaldira. Bi hilabeteko egonaldia ari da egiten Donostian, Beste Hitzak / Other Words proiektuarekin. Antolatzaileen arabera, narrazio bat ondu nahi du Donostiako egonaldian, bildt ama hizkuntzan —Herbehereetako hizkuntza bat da—. Orain arte urtero egin izan duten bezala, manifestu bat kaleratuko dute, noiz zehaztu ez duten arren. Poesia eta iraultza izango ditu ardatz, Errusiako Iraultzaren mendeurrena aitzakiatzat hartuta.