IRASTORTZA GARMENDIA,Tere "Garena garela" ARGIA 2001-10-7, 1824 Zenb. Ikasle batek rabinoari galdera asko egiten omen zizkion, eta rabinoak ez omen zion erantzun ere egiten, isiltasunarekin ez bazen. Orduan, ikasleak, modu horretan inongo aurrerabiderik ematen ez ziolakoan, esan omen zion ez zeukala zertan bere ikasle izanik, ezeri erantzuten ez zionez.
|
Aurreko pasadizo hau ez da parabola bat. Orain 14-15 urte Edmond Jabès irakurri zale nintzenean jasoa da, eta luzez erabili dut gogoan. Azken bolada honetan, gainera, burutik kendu ezinean nabil.
Orain, milurteko hau gudu santu eta justizia infinituaren harrabotsekin jaio aurretik leherrarazteko komunikabide guztiek beraien frekuentziak saturatuaz gure pentsamendua blokeatzeraino ari direnean, eta gertuago, askoz gertuago, Euskal Herriari buruz aritzeko " normaltasun " eta " anormaltasun" kontzeptuak baliagarri balira bezala jokatzen dugunean, eta are gertuago, oraindik, gure mundu txiki eta lanaren lanez, borrokaren borrokaz tupitu den ikastola zaleon munduan, plan integralaz, kalitateaz, uztarketa juridikoaz etengabe eta amaigabe ari garenean, deritzot erantzunekin datorren akatsa galderetan sortzen dela.
Izan ere, herri txiki, hizkuntza txiki eta ikastola txiki izateaz gain, zatiketaren poderioz, herri gutxitu eta talde gutxitu izatera ere iristen ari gara. Amaiera gabeko gatazka guztietan, etsi aurretik egiten dugun baieztapena zera da: ez dut ulertzen guzti honen zergatia. Ez naiz rabinoa eta nire erantzuna ez da erabat balekoa izango, baina gure txikitasunaren indarrak profitatu nahi ditudanez, deritzot ez ote dugun «zergatik» galdetu beharrean «zein» da «zein» galdetu behar, edo gatazka guzti hauetan gizakia «non» dagoen galdetu behar, hainbeste plan eta mapa artean. Eta galdera artean ito aurretik, burura datorkit orain urte batzuk Gipuzkoan ezagun egin zen gotzainen gutun bat, non «Jainkoa» non dago galdetzen zutenei aholkatzen zitzaien «gizakia» non zegoen, norbera non zegoen galdetzera.
Nire esperientzia-esparrua murritza da, ziurrenera lanari denbora gehitxo eskaini diodalako, baina nire eremuan gatazka beraien azpian egiturak ez baizik eta pertsonak daudela pentsatzera iritsi naiz. Elkartzeari uztarketa deitu, erakundearen sortzezko helburuen gainetik erakundearen iraupenari buruzko helburuak bultzatu, independentzia zale bezala agertu baina autonomia zaleen hizkuntza eta ikuspegia erabili erakunde arteko harremanez aritzeko, taktikak eta estrategiak aitzakia hartu helburuak urruntzeko.... guzti horiek, ziurrenera, nire eremu txikian eta zuetako edozeinek duen eremutan ezagutu dituzuen erreferentziak dira. Guzti horiekin iristen gara galdetzera, zein den zein, zer den zer. Agian, beste batean egingo dut «zein da zein»i dagokion nire tipologia, baina ez nuke artikulu hau bukatu nahi etsipenez, «ez dut ulertzen zergatik» gertatzen den esanez, baizik eta aldarrikatuz «zein da zein» jokoan apustuak egiten dituztenak direla nor. Zure inguruan «nor» denik aurkitzen baduzu itxaropenerako urrats bat eman duzu, eta aurtengo Kilometroetako leman diogun bezala, harrokeriarik gabe baina tinko «garena garela» aitortzen badiogu gure buruari, hasiak izango gara gizakiak non dauden pentsatzen eta, agian, galderak beste hurrenkera batean egiten .
Tere Irastortza