IRASTORTZA GARMENDIA,Tere "Agorra" ARGIA 2009-9-13 , 2197 Zenb. Abuztua, udaren erdian, opor-hilabete bihurtu da. Denok, derrigor, atze-aurrerako omen gara, eta abuztukoa lasaitzeko, egoteko, ez ezer egiteko txanda dugu; gure gizartean, orain, ba omen dago-eta aisialdirako denbora.
Abuztua, udaren erdian, opor-hilabete bihurtu da. Denok, derrigor, atze-aurrerako omen gara, eta abuztukoa lasaitzeko, egoteko, ez ezer egiteko txanda dugu; gure gizartean, orain, ba omen dago-eta aisialdirako denbora.
Garaiek, aldiek eta denborak gizarteari ematen dizkioten lanak izan ere! Itxura batera, berezko sena uzten joan den neurrian, gizakia denborak obsesionatuta bizi da. Horregatik edo, denbora menderatzeko ahaleginari eman dio mendebaldeko kulturak denborarik baliotsuena. Horretarako, urtaroak aurrena, hilabeteak gero, aste eta jaiak hurrena, eta azkenean, egunak eta eguneko orduak nola eta zertan eman zehazten eta gizartea horren arabera antolatzen egokitu dira orduak, egunak, urteak eta mendeak. Gure artean Joannes Etxeberrikoa izango zen ordu profano eta sakratuak bereizi ordez, ordu guztiak sakratu bihurtzeko ahaleginean gehien tematu zen idazlea.
Egun, ordea, batzuen aisialdiak beste batzuen lanaldia osatzen du eta, aste eta jaien banaketa mundu sakralizatutik bereizteko ahaleginean dabiltza aspaldian gure agintariak. Orain aisia zesuma egotearen sinonimo bihurtu da, eta aisialdia, berriz, norberak nahi –behar omen– duena besteek opatuko diguten aro ekonomiko, errepikagarri gertatu den aukera-multzo batzuen arabera.
Batzuek, aldi honetako turistifikazio prozesuaz aritzerakoan, Thorstein Veblenen klase astidunaz aritzeari ekin diote, gure gizarte industrialak besteak baino asti gehiago sortu izan balu bezala. Baina 1899an argitara emandako liburu honek ez du fitsik esaten turistei buruz, nahiz eta luze-zabal jo, kontsumoa ikur-sozial gisara erabiltzen duen giza-taldeaz, eta lan-mundutik urrundu den klaseaz.
Jardun, Veblen, zientziagile eta intelektualez jardun zen, haien deskribapena eginez. Eta gaur-gaurko begiekin bete-betean asmatu zuelakoan nago. Izan ere, orokorrean agintetik eragindako komunikabideetatik sortutako gorroto, mendeku eta beldur egoera honetan (gaixotasunak, langabezia, estatuaren desintegrazioa...) intelektualtzat daukagun klasearen deskribapena zehatza gertatzen da: ez dago denbora berririk aditzeko ez sortzeko irrikarik, ez dago astia ez duten klaseekiko identifikaziorik. Aldiz, oraingo klase astitsuak ere produkzio baliabide, baliabide estetiko eta ikasketa baliabideen kontrolari eusten dio, bere etengabeko eta isilune gabeko jardunean.
Horregatik ere, arituan-arituan, guztion astialdiak xurgatu eta guztion baitatik sor daitekeen ur-xume edo ur-emaria agortzear dagoela ematen zuen bero-sapa egun hauetan. Horregatik ere abuztua, opor garaia baino gehiago agor edo agorril iruditu zait, eta euskal jendea, asti-egarriz errepikagarri bihurtu diren egoeretara egokituz, norantza gabeko turista taldea.
Tere Irastortza