Otea jotzean eta sagarrak txikitzean, esate baterako, erritmo bat, ttakun bat sortzen dun. Bai, egia dun, sagardoa egiteko mamarekin batera, ganaduarentzako jatenarekin batera. Baina sortzen dun ttakuna. Eta haurrari bularra emateko haren begiei so jartzerakoan, edo elkarri begira jarrita begiak biltzean sortzen dun ttakuna. Geroagokoak ditun tarte horiek, aldi horiek, egoera horiek .... nonbait kokatu beharra.
Geroagokoa dun, geroagokoa denez, galdetzea denborak ihes egiten ote duen, denborak harrapatzen ote gaituen bere furian, denbora gezia den ala ibaia ala ataka gaizto batean abandonatu gaituen patu gaiztoa.
Baina aspaldian bazabilkinat nire baitan beste ttakun bat, liburu batean kabitu dena, “Denbora enaren hegaletan”bezala. Bertako poemak, jarraian eta nora gabe bere horretan irakurtzea ederra dun, benetan, eta zirraragarria gehienetan. Zirraragarria dun, otea jotzeak edo sagarrak txikitzeak, edo elkarri begietara begiratzeak bezalaxe eskatzen eta eskaintzen duelako sinkronia bat, lehen pertsonan esan edo hika ala zuka ari den guztietan, amodioaz eta pozaz bezala amodioaz eta heriotzaz ari denean; eskatzen eta eskaintzen duelako sinkronia bat hizkuntzaren bide jarraitu eta lerrokatu eta hitzen artean utzitako hutsuneetan begirada pausatzera eramaten duen orotan.
Eta enaren hegaletan ekarri zidan aspaldi batetik, inoizko batetik, denboraren metafora berri bat: lehenagokoa,
oinarrizkoagoa.Eta igarri dinat denbora jauzirik, goranzkorik –dantzariarenaren irudiko– beheranzkorik –ur jauzietakoaren gisako–; eta aldi berean denborak pausatzen dakiela batek bitan eta bik batean egiten asmatzen duenean. Eta esan zidan liburuak, nahiz norberarenean izan denbora guztia, izateko norbere baitara ekarri behar dela besteekin sortutako ttakuna.
Tere Irastortza