Toki bat behar du gizakiak eguzkiaren azpian. Bertan kokatu ahala garatu ahal izango da edota bertan geratu ezinda deserrotuko. Baita ibilian eta joan-etorrian bizi direnak ere. Hauek ere badute, funtsean, sorterri, sortalde eta sartalderik.
Horrela, nonbait toki bat eta denbora bat hartzen duenak –tarte bat, gune bat duenak– askatzen du bere nortasuna, beti hainbeste korapilok trabatua.
Hitzek ere beren tokia behar dute. Tokiek, ordea, ez gaituzte beti hautatzen, eta orduan, geure tokiaren irrikan ere bizi ohi gara, geu eta geure hitzak, geu edo geure itzalak. Izan ere, ez da aski batek hitza liburuan utzi nahi izatea, liburuek bere apala eta bere erakus-mahaian agertokirik aurkitzeko.
Halaxe dabilzkigu azkenaldian Axel Luzarraga, J.A. Pagola eta Joxe Arregiren hitzak itzulinguruka. Aurrenekoari munduan tokia kendu nahi zaio, horrela bere hitzak baliogabetzeko, eta bigarrenei hitza kenduz kentzen zaie tokia. Azken biok beren tokia Elizan behar dute, nahi dute. Baina, nola ez, Elizak berak –ez bi edo hiru Jesusez hitz egiteko elkartzen den gune horrek– hartzen du hemen eta orain toki guztia, desplazatu egiten du dena: den guzti hori.
Azken egunotan, J.M. Barandiaranen atzerriko egunerokoa irakurtzen askotan sentitu ditut oraindik beste elizgizon horienak izan daitezkeen xuxurlak, Pedro eta Mariaren artean, Pedroren harrizkoa Mariaren hezur-haragizkoaren ordez hautatu duen Elizaren indar eta ezinak sortuak.
Baina toki guztia liturgiarentzat, liturgia guztia boterearentzat eta berriz irabazleen alde daukan Elizan ez dago tokirik orain ere euskal eliztarrentzat, Mariaren sinesmenarentzat, Liburuen liburua oinarritzat hartzen dutenentzat. Nola baina… Bibliaren tokia ere hain mugatua duen Elizan, Euskal Herria sekula aitortutako herritzat onartu nahi ez duen Elizan!