Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

nab2005_48_1  
tirastortza

Heriotza bilakatzen da galdegai bakarra garai askotan eta denbora luzez. Gehienetan adinarekin jabetzen gara horretaz, gaia hizpide hartu ez eta mintzagai bilakatu ez arren. Gertukoen heriotzagatik, ez behar handiren batengatik, gertukoen urteak betetzen ari direlako, kasu.

Urteak bete egiten baitira eta erantzunik ezak hustu egin baikaitzake. Huts iruditzen zaizkigu, ber denboran, hainbat erantzun, Ontsa hiltzeko bideez ari naiz, euskal letretako eta Europako letretako libururik irakurrienez. J. Tartasenaz edo Fray Juan Zumarragakoak, gazteleraz, Mexikoko indioen ohitura, usantza eta monumentuak suntsitu ondoren idatzi zuenaz ari naiz, esate batera. Tartasena arinagoa den arren, Ontsa hiltzeko bide gehienak aginduz beteta daude. Geroko ezjakintasuna ezdeus ez bihurtzeko esperantzari atxikitzeko orain nola bizi behar den agintzen duten liburuak dira. Nonbait agintzen zutenek hori eta horrenbeste bazekiten, eta jendeari hiltzen lagun ziezaioketen.

Baina beste garai batzuk ziren. Eta nire artean galdetzen dut sarri zer ote zen heriotza euskaldunentzat kristautu aurretik: zer-nolakoa ote zen Axularren Gero aurretik; zer-nolakoa zen Tartasen aurretik, Manual Devotiozcoen aurretik; zer-nolakoa zen hainbat eta hainbat katixima aurretik.

Garbi baita egun galdera bera beste modu batzuetara egiten dela. Hala iruditu zait, niri, bederen, esku artean darabiltzadan hainbat irakurgairen orripetik malko isilek bustitako orropetik. Aurreko aste-bukaera batean, hurrenez hurren harrapatu ninduten hiru idazlan eder eta sarkorrek. Bata. Eguneroko gisa idatzitako J. Arantzabalena, non bere minbiziaren berri jakin zuenetik bere hurbilekoei horren berri nola eman zien adierazten den. Hurrengoa, J. Tusell historialarena, zeinak bere biografiari amaiera eman zion hil baino apur bat aurretik, gaixotasunaz eta heriotzaz besteek esan eta berak ikasi duena adierazten duena. Aurreko bietan gaixo dagoena mintzo da. Pasarte autobiografikoak dira.

Beste kasu batzuetan, ordea, mintzatu ezinak fikziora eramaten gaitu. Esate batera, aurtengo Euskadi Saria jaso duen Jokin Muñozen Bizia lo liburua. Zertaraino lotzen gaituen heriotzak hil behar duenarengana eta bizitzen jarraitu behar dutenen artean zertarainoko lubakiak azalerazten dituen adierazten asmatzen duen liburua, inolaz.

Bizitzak besteekin bizitzea du kita gabe utzi behar ez duen zor bakarra    

Badirudi euskal literatura ere harrapatu duela heriotzaren galderak. Galdera ez da, ordea, erretoriko eta literarioa. Bizi-beharri lotu-lotua baizik, nola erantzungo diogu orain datorren heriotzari, iritsi denari?

Erantzunen erakusleihotik, edozertaz nahierara aukera dezakegula keinu egiten diguten erantzunen artean gutxi kausitzen dugu heriotzari buruzkorik. Gutxitxo, gure baitara hurbiltzen gaituen heriotzaren, gaixotasunaren, «ezbehar», horien guztien galdera izanik. Hainbeste erantzun honetaz eta hartaz, eta galdera honetaz aritzeko isiltasuna bakarrik.

Onartutzat dugu inork ez dakiela guk baino gehiago horretaz. Inork ez dakiela ezer horretaz. Gerokoaz ez dakigula ezer, alegia. Baina galdera hori ezin da beti gerorako utzi. Berak harrapatzen gaitu, sarri, bete-betean.

Galderak, berak, ordea, aldi berean hurbil errazago bilakatzen gaitu, horren biluzik uzten gaituenez, gehienetan, eta hurbilak biltzen gaitu, maite gaituztenek eta maite ditugunek laguntzen digute bidean. Lehen bezala orain ere, pentsatzen dut, batzuetan. Eta burura etortzen zait euskaldunentzat etxea gune sakratua zela ziotenen ustea.

Eta etxea eta gertutasunaren eta segidaren beste aldean, isolamendua, arroztasuna eta etena ere badirela iruditzen zait. Gure zeru-infernuak.

Zerua, maite izan zutenentzat eta dutenentzat, etxekoek, gertutik, eta gertukoek zaintzen zuten aldi bat da, oroitzapenaren aldia, eta maitasuna. Eta infernua, gorrotoz bizi izan zirenentzat eta direnentzat betirako hobiratze eta betirako gorrotoa. Eta bedi.

Jaiotzeak ez du heriotza zor. Bizitzak besteekin bizitzea du kita gabe utzi behar ez duen zor bakarra. Eta gero gerokoak, nire oraingo usteaz, behintzat.

Jaiotzen denak heriotza zor, entzuten dugu gure adinak aurrera egiten duen bitartean orduan eta maizago harrapatzen gaituzten hileta-atarietan.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago