<<Bizitzarik gabeko liburuan ez dut sinesten>>
Bihotz begiekin idazten ditu Tere Irastortzak hitz neurtuak, Lizardik utzitako bi irudi eder horiek oso aintzat baititu poeta zaldibiarrak. Bihotzarekin, begiekin, gorputz osoarekin osatzen ditu olerkiak, bizitzaz bete nahi dituelako. Eta hitzak, ele xeheak, ondo hautatuz apailatzen ditu neurtitzak.
TERE IRASTORTZA
A.Agirreurreta
Argazkiak:Josu SANTESTEBAN
Orri zuriari, gauari, sortzen ari den poemari berari...idazten die Irastortzak. Eta irakurleak senti dezake berari ari zaiola zuzenean. Eta eskatzen diola pixka batean gelditzeko,egoteko, hitzak xehatzen hasteko. Hala da. Zirkulartasuna nahi du Irastortzak irakurleekin, elkarrizketa biribila. Horregatik idazten du poesia. Beti poesia.
«Batzuetan esaldi bat behar da pentsatzen jarri gabe idazteko...»
Asko pentsatzen dut idazteko. Batzuetan asko pentsatzeak hiperkontzientzia bat dakar eta horrek beste sentsazioak eta emozioak adierazteko lotu egiten zaitu. Batzuetan ez da txarra esaldi bat, emozio bat edo detaile bat hartu eta, pentsatu gabe, idaztea beste barruti eta esparru batzuetara iristeko. Aurreneko urteetan, gazteago nintzenean, gehiago idazten nuen hitz-jokoekin, asoziazio librearekin. Urteekin, formari gehiago erreparatu diot nahiz eta, beharbada, askotan izan den forma hori husteko.Ez da apaingarria. Sentitu dut idazterakoan ustekabe bat behar dela, piztuko zaituen zerbait. Pentsamenduak askotan badauka abiapuntu bat eta batzuetan behar da norabideaz ez hain kontziente izatea. Idazteko eta bizitzeko ere bai.
«Luma hartu behar dinat, bada ez bada, gau zarratuotan (...). Tinta beltzaz gau zarratuok puztu eta lehertarazi ahalko balira bezala...».
«Pentsamenduak
askotan badauka
abiapuntu bat eta
batzuetan behar da
norabideaz ez hain
kontziente izatea.
Idazteko, eta
bizitzeko ere bai»
|
Orain ezberdin idazten dut. Metodologiarekin doa. Garai batean gauez idazten nuen, beta gauean haitzen nuen. Orain gorde egiten dut eta pentsatzen dut gogoratzen ez dudanak ez duela balio. Orain bakarrik idazten dut buruan edo bihotzean itsatsita gelditu zaidana. Beraz, ez da egia gauez idazten dudala; baina gauak baditu osagai batzuk, isiltasun bat, lan eta epe batzuen amaiera eta askatasun bat, idazteko egokiak direnak, nekatuta bizi ez zarenean. Orain, adinagatik edo, nekatuago bizi naiz eta gauari ez diot ateratzen idazteko hainbesteko tarterik. Errendituago iristen naiz gauera. Adinak badu zerikusia idazteko moduan, bizimoduan.
«Ez dakit literatura gehiago edo poesia gehiago egingo dudan. Jakin nahi baduzu, bizi egin nahi dut eta kito».
Ez dakit posible izango nukeen irakurri gabe edo idatzi gabe bizitzea. Seguru asko bai, baina ez pentsatzen dudan bezala. Sinisten ez dudana da bizitzarik gabeko liburuan. Batzuek uste dute literatura metaliteratura dela, liburuak beste liburuen gainean, testuak testuen gainean, idaztea. Opari txiki bat mila paperekin bilduta bezala. Niri oparia interesatzen zait, ez hainbeste papera. Gehiago interesatzen zait bizitzaren oparia, bizitza biltzen duten arauak eta moldeak baino gehiago. Gaur egun oso modaz kanpo dago literatura soziala. Baina literatura sozialak ekarri zuen hemengoaz, orainaz eta gu eta ni horietaz hitz egitea, Nik literaturan eguneroko jarduera hori estimatzen dut, galdera hori.
Eta poesia. Beti poesia. Hasierako generoa da askorentzat, gero besteetara jauzi egiteko. Baina zuk eutsi egin diozu.
Hemeretzi urterekin argitaratu nuen lehen liburua, baina liburuak eman zituen bi urte argitaletxean, zain. Egia da gazterik hasi nintzela. Nire garaiko asko hasi ziren poesiarekin, baina berehala hasi ziren ipuinarekin edo nobelarekin. Nik badauzkat ipuinak eta gazteetan idatzitako nobela bat, baina ezberdintasun handiena da nik poesia idazten segitu dudala. Nire garaian bazegoen euskal prosa sortzeko urgentzia. Gutxietsi eta dena egiten zen poesia, gazteen kontu bat izango bazen bezala. Saiakera ere idatzi izan dut, eta artikuluak. Baina ez dauzkat argitaratuta. Aldizkariren batean-edo argitaratu beharko nituzke eta hori lana da. Nekatu egiten naiz, argitaratzeko askotan berridatzi egin behar duzu. Neure burua argitu dut, badakit nora iritsi nahi nuen eta, beno, nahikoa izaten dut horrekin.
Zeuretzat idazten duzula, alegia.
Neurekin idazten dut. Neuretzat ere bai. Argitaratzen dudanean, besteentzat baliagarria izan daitekeela uste dut. Zein dudan gogoan idazten dudanean? Hori poema nondik sortu den. Ni saiatu naiz irakurlea testuan sartzen. Zuka edo hika aritzeagatik ematen du pertsona jakin batentzat idazten dudala. Euskarak hitanoa dauka, linguistikoki oso gauza ederra da, baina gramatikaren ikuspuntutik ezin da aztertu, bakarrik pragmatikaren ikuspuntutik. Idaztea da hika hitz egitea. Askotan ausentzia bati edo zu bati idazten diozu. Baina hi edo zu hori irakurtzen ari den pertsona da.
Gurea poesia-irakurleko poeta gehien duen herria dela esan izan da. Poeta asko dagoelako edo, agian, poesia-irakurle gutxi dagoelako...
Urte askotan poesia gutxi argitaratu zen. Azken 15 urteetan 300-400 poema liburu argitaratu dira beharbada, eta ez da berriketa. Liburu asko da hori gure herriarentzat. Nahiko irakurle daude. Euskaraz, jendea hurbiltzen da poesiara. Poesia liburuak ez du dirurik emango, liburu batek dirua emateko behar du milaka asko saldu. Eta poesia liburu bat milara hurbiltzen bada, asko da. Argitaletxeentzat, beharbada, ez dira datu garrantzitsuak, baina irakurleei begira inportantea da. Poesiara hurbiltzen den jendeak badauka hizkuntzarekiko pertzepzio bat genero guztietan ez dagoena. Poesiak asko behartzen du irakurlea bere lana egitera. Ez beti, baina askotan, prosak lan gehiena egina ematen dio irakurleari, mezua borobildua eta ordenatua. Poesiak irakurlearen jardun bat eskatzen du, zirkulartasun bat, irakurleari lan handiagoa eskatzen dio. Hainbat poeta eta poesia-irakurle egoteak Euskal Herrian literaturazalea den jendeak maila ona duela esan nahi du. Euskaraz euskaragatik irakurtzen da, esan ohi da. Nire generazioko euskal idazleak ezagutzen ditut eta iruditzen zait oso jende literaturazalea dela. Beste hainbat hizkuntzatako idazleak, berriz, arrakastadunak, ikusten ditut eta ez zait iruditzen literaturarekiko hainbesteko indarra dutenik. Euskal irakurleak berdin irakurtzen du euskal literatura, Italiakoa, Ingalaterrakoa... Hizkuntza zentraletako idazle askok aski dute beren hizkuntzarekin, beti munduaren erdian sentitzen dira.
Gutxi baina preziatuak direla poesia-irakurleak...
Mespretxatu egiten da poesia, baina poesiaren zaleak badu hitzarekiko errespetua. Zentzu onenean, hitzaren bitartez jo nahi du urrunago. Beti esan izan da euskaldunak hitz gutxikoak garela; beharbada behar ditugu hitz neurtu horiek. Lizardik bi irudi on utzi zizkigun: bihotz begietan, bihotz eta begirik gabe pentsatu ezin delako, eta bestea, hitz neurtuak. Hitz neurtu hori behar dugu, hitz preziso eta esaktu hori. Garrantzi handia du horrek, are gehiago gure mundualdian hitz gehitxo dagoenean. Niretzat osasungarria da hizkuntzarekiko arreta hori. Ez da bakarrik Euskaltzaindiak ze arau eman dituen, edo norberak barruan duen filologo hori. Sakonagoa da.
Maitasun poesiarekin hasi zinen, bai idazten bai irakurtzen.
Oso gazterik hasi nintzen, eta garai hartan maitemindu ez banintz, seguru asko ez nintzen idazten hasiko. Irakasleak esandako guztia irakurtzen nuen nik: Espainiako 27ko belaunaldia, 36koa, 50eko belaunaldia... Gehixeago gustatu zitzaizkidan Baudelaire eta Rimbaud. Baudelairek hasieran ez ninduen hainbeste harrapatu, gero bai. Frantziako poesiak asko hunkitu ninduen. Amodioaren gaiarekin hasi nintzen eta konturatu nintzen amodioaren gaia unibertsala izango dela baina modu ezberdinetan maitatzen dela garai bakoitzean eta toki bakoitzean. Moduak eta moldeak ez dagozkio bakarrik kariñoari, kulturari ere bai.
Erdi Aroaren eta Errenazimenduaren garaietara jo duzu maitasun literaturaren bila.
Erdi Aroko amodioa asko interesatu zitzaidan, eta Errenazimendukoa ere bai. Eta poeta latinoen poemak, epodak eta beste asko gustatu zaizkit. Poliki-poliki hainbat emakumeren idaztankeraren arrastoari lotu nintzaion. Hainbat emakumek biziki harrapatu ninduten. Horien artean, asko, Marina Tsvietaievak. Haren lan bat itzuli nuen. Harrapatu ninduen, batik bat bi arrazoirengatik: Aristotelesen aurka idazten zuelako, hasiera, garapena eta amaieraren eskema hori gabe, bihotz begiekin idazten zuen. Eta bigarrenik, bizirik zegoelako, ez zirkulu literarioetan bizi zelako, alaba bat Errusiako iraultzan goserik hil zitzaiolako, seme batek bere buruaz beste egin zuelako, erromantikoki enamoratua zegoelako bere senarraz, idazteko lehenik etxeko lanak egin behar zituelako... Oso pertzepzio indartsua zuen. Virginia Woolf ere asko estimatu dut. Baina Marina Tsvietaievaren gutunak... maitasun poemak bezala irakur daitezke Pasternaki, Rilkeri idatzitakoak. Bere buruari, ezin izan zen beste emakume horri, idatzitakoak ere izan ziren. Lesbianismoari buruz eta amatasunari buruz dituenak interesatu zitzaizkidan. Amatasunari buruz duen ikuspegia oso trinkoa da. Esaten dute euskaraz ar hitzak har esan nahi duela eta eme ematetik datorrela. Barre egin daiteke eta txiste bat dela pentsatu. Baina errealitatean, emakume askorentzat ematea ez da txarra, nahiz eta ona gizartean hartzea, jasotzea, den.
Tesi bat hasita duzu emakumeek XVI. eta XVII. mendeetan zuten irudiaz. Nondik sortu zitzaizun gai horri heltzeko interesa? Zertan da ikerketa hori?
Batik bat XVI. mendea oso garrantzitsua izan zen Euskal Herrian, batetik Nafarroan emakumeak izan ziren erregina, Margarita Nafarroakoa eta beste. Ez edozein emakume, oso jantziak ziren erregina haiek eta harreman handia zuten protestantismoarekin eta kalbinismoarekin. Nafarroaren anexioa bizi izan zuten eta Frantzia estatua haiek egituratu zuten. Garai hartan protestantismoak katolikoen erlijioa kuestionatu egin zuen eta, aldi berean, hainbeste emakume hil zituzten garaian, San Inazio Loiolakoa, adibidez, izan zen gizon handi bat, sobra ere. Hain lurralde txikian, Euskal Herrian, izan dira iraultza guztiak eta oso talka bortitzak. Esan ohi da Euskal Herria isolatuta bizi izan dela modernitatetik. Nik esango nuke Euskal Herriak bere gorputzean bizi izan duela modernitatea. Isolatu baginen, beldur eta izuak harrapatu gintuelako izango zen. Ezin da ahaztu XVI. mendean, Gaztelak garaitu zuenean, herrietara erregidoreak eta medikuak etortzeak zer ekarri zuen. Lehenbiziko gauza emagin eta sorgin guztien ehiza izango zen. Hori asko interesatu zitzaidan. Eta gainera, Ama Birjinari askok eman dioten irudia ikertu nahi nuen. Ama Birjina delako teoriaren ,salbuespena. Euskaraz beharbada ez hainbeste, baina XV eta XVI. mendeetan egon den emakumearen irudia, amodio gortesaua eta hori guztia... bakarren bat tratatuko zuten dotoreziaz, beste mila izorratu ondoren. Maitagarria zen emakumea zen salbuespenezkoa.
Literatura misoginoa da...
«Harropuztasun
pixka bat dago
kritikarien aldetik.
Idazleen aldetik
ere bai, umiltasun
handiagoa
behar da»
|
Literatura misoginoa oso inportantea izan da eta, aldi berean, emakumearen aldekoa; edo, hobeki esanda, zentzuzko literaturak ere pisu izan du. Baina hori gordean egon da. Historiak ezkutatu egin du berdintasunaren. eta demokraziaren alde izan den guztia. Euskal Herriak ez duela modernitatea bizi izan esan ohi da, baina Euskal Herriak bere erraietan pasa du modernitatea. Nola ez ziren, bada, beldurtuta egongo Logroñon hainbeste euskaldun erre zutenean? Edo Durangon Fraticelliren aurka hainbeste jende erre zutenean? Nola ez zen jendea beldurturik egongo ia etxe guztietan zerbait sufritu zuen norbait bazegoen? Kristautasuna oso berandu sartu zen eta oso modu bortitzean, Beti buruan daukat eta iruditzen zait oraindik sufritzen dugula hori. Barandiaranek esaten zuen «denik ez da sinistu behar, ez denik ez da esan behar». Hori zioen sorginei buruz, baina berdin balio du momentu batean abertzaletasunerako edo beste zerbaitetarako. Euskal Herria herri indigena izan da hizkuntza gorde duelako eta hizkuntza gauza bizia da, baina, aldi berean, aztarnategi bat dago, hizkuntzak gogorazten digu. Badakigu, euskaldunok, aizkorak haitzezkoak zirela...
Literatur kritika, Kexu dira literaturazaleak, idazleak eta argitaletxeetako profesionalak kritikarik ez dagoelako eta horrek literaturari kalte egiten omen dio. Hala dela uste al duzu?
Idazleek hasi berritan behar dute, ez dakit kritikari bat, baina bai irakurle on bat artisautza lanean lagun izango duena. Irakurleek ere, hainbeste argitaratzen denez, behar dute gidatuko duen norbait. Euskaraz literatura ona egiten da, nahiz eta euskaldunak akonplejatu hutsak izan. Literatur kritikari umiltasun pixka bat falta zaio, ondo eta gaizki zer dagoen esaten dute eta, gehienbat, gaizki dagoena aipatzen dute. Nik neronek zerbaiti buruz idazten badut, interesatzen zaidalako da. Interesatzen ez bazait, uzten dut liburua eta kito. Baina gustatzen zaidan idazle bat aurkitzen badut, itzultzen dut eta argitaratzen dut. Harropuztasun pixka bat dago kritikarien aldetik. Idazleen aldetik ere bai, umiltasun handiagoa behar da. Elkarrizketak irakurtzen dituzu eta, erreferentziez galdetzen dietenean, beti ematen dituzte ingelesezko izenak eta badirudi euskaraz ez dagoela ezer interesagarririk.
Helmuga berriak irudikatzen
Bizitzak bi norabide dituela dio: batetik adaptazioa, eta bestetik sorkuntza. Moldakorra da Irastortza, baina sorkuntza du bizigai. Horregatik da Euskal Idazleen Elkarteko presidente. Horregatik da Andramendi ikastolako -Gipuzkoan sortu den azken ikastolako- zuzendari. Eta horregatik da poeta.
Andolin Eguzkitzak kargua utzi eta Irastortzak hartu zuen duela bi urte Euskal Idazleen Elkarteko buruzagitza. Hil honetan bertan egingo dute urteroko batzarra idazleek eta elkarteko buruak azalduko die nola duela bi urte adostu zuten plan estrategikoa aurrera ateratzea lortu duten, nola elkartearen egitura ehuneko ehunean ari den lanean eta nola orain behar-beharrezkoa den helmuga berriak irudikatzea. Hori da behinik behin Irastortzak, elkartearen zuzendaritzak eman dion ikusmiratik, egungo euskal literaturgintzari sumatzen dion beharra.
«Urte askoan -azaldu du idazleak-, ez Euskal Idazleen Elkartean bakarrik baizik eta elkarte askotan, aurrekoen jarraipeneko lana besterik ez dugu egin. Orain iritsi da garaia datozen 25 urteetan nora joan nahi dugun esateko. Sortu ziren ikastolak eta orain ez da ikastola gehiago sortzen. Zergatik ez? Egoera politikoa hobea al da? Konfiantza handiagoa dugulako egungo egoeran edo atzera egingo ez duela uste dugulako?».
Eguneroko bizimoduaren gogorragatik agian, eustearekin nahikoa lan izan dute erakunde, argitaletxe, liburu azoka eta kultur ekimen askok eta askok. «Bai, dinamika batean sartu gara eta horri eusteak lan handia eman digu. Baina orain ezin dugu hitz egin euskal idazleei buruz orain dela 25 urte bezala. Orain badago jendea euskaraz idatzi eta hortik bizi dena. Kazetari pilo dago. Eta horiek ere euskal idazleak dira. Badago sormen eta ekoizpen indar handia».
Indar hori guztia, ordea, han eta hemen barreiatuta dago eta sarri bidean galtzen da. Euskal liburuen erdia baino gehiago «ikusezina» da, ekoiztu eta erakundeen, unibertsitateetako... apaletan gelditzen da. Arazo handia da hori Irastortzaren ustez, eta eskura dituzten baliabideak halako egoerak konpontzeko erabili behar direla dio. «Urte askotan Idazleen Elkartearen ekimenak izan dira euskal idazleak ikastetxeetara eramatea eta Galeusca. Ondo funtzionatu dute, gurpil horrek badaki biraka ibiltzen. Orain elkarteak berak egin behar ditu beste gurpil batzuk. Gure helburua da euskal liburugintzari duen garrantzi kultural eta intelektuala ematea eta hori hemen eta kanpoan hedatzea. Euskal Herrian bakarrik makina-erreminta esportatzen dela dirudi. Edo ziklismoa».