Etimologia Eclipsis hitzetik dator elipsia. Ecclesiatik eliza bezala. Eta barka bezate etimologia-zale ez direnak nire hitz-etorrien xerkan elipsirik ez egin izana.
Gramatika Gure Hiztegi entziklopedikoaren arabera «perpausa ulertzeko beharrezko ez diren elementu bat edo gehiago kentzea» da elipsia. Gramatika sortzailean adarretan barrena eta transformazio ariketak egin arte ez ginen asko akordatu elipsiak zuen garrantziaz. Izan ere elipsia da hizketaren osagai nabarmenenetakoa. Esandakoa edo ezagututakoa ez errepikatzeagatik gehienetan. Hizketaldia elkarrizketa bihurtzen denean, are eta eliptikoago da. Are eta eliptikoago, hizketan ari direnek elkar ondo ezagutzen dutenean. Baina, hori bai, onean onez, ez dezagun ahaztu aginterak obeditzen duen subjektuaren erabateko elipsia exigitzen duela. Izan ere, hizkuntzan, horregatik, elipsia hain da arrunta non oharkabean pasatzen den. Hala, esaldi erlatibo, konparatibo eta baldintzazkoetan.
Baliabide estilistiko-erretorikoak XIX. mendeaz geroztik Erretorika desagertu egin da. Hizkuntzalaritzari buruzko teorizazioek, estilistikak, psikoanalasiak eklipsatu egin dute. Baliapide erretorikoek, aldiz, egoki hitz egiten eta idazten laguntzen digute, indar guztian, harrez gerokoan ere. Eta orain ere, elipsia duzue baliapide estilistiko eta erretorikoetako indartsuenetakoa. Gisa honetan, esate batera, metafora bada XX. mendeko irudia, zaila da metafora irudikatzen, bigarren zentzua argitan jartzeko bere zentzua galtzen eta eklipsatzen duen figura gisara ez bada.
Hizkuntzalaritzari buruzko teorizazioek, estilistikak, psikoanalisiak eklipsatu dute |
Psikologia 1956rako, bederen, Emile Benveniste hizkuntzalariak ondo erakutsia zuen Freudek izpiritua eta ametsak deskribatzerakoan, «tropoen katalogo zaharra» aurkitua zuela. Geroago asko izan dira gai honi ekin diotenak... Adinean sartuxe ikasi dut, nik ere, Freud eta psikoanalistak testu-irakurle onak direla. Erretorikaren baliabideak ezagututa irakurri zituztela gizakiek beraien bizitza argitzeko sortzen dituzten testuak.
Politika Baina ez ote naiz nire benetako asmoa eklipsatzen ari, elipsiaz ari naizelarik. Euskal Erkidegoko hauteskundeek politika 1:1 eskalan jarri dute berriro. Zaila da bakearen baldintzez hitz egitea,bakeari baldintzak jarriz. Eta politikariek ere ikasi beharko dute erretorikako lege zahar hau. Elipsiak eraginkor izateko elkar-ezagutza bermatua behar du. Esaten ez dena ulertua geratuko da, adierazia, aldez aurretik elkar onartzen denean. Beste alde batetik, nahi dena esan ezin denean,ezin eskatu da nahi ez dena esatea.
Elipsea eta eliza Vatikanoa bada Elizak zerura bidean behar duen oinarria elizak husten ari direlako izan daiteke. Elizak parentesian jarri nahi du hori, sentsazioa bera ere eklipsatuz. Askok, Jainkoaren heriotzaren eszenifikazioaren itxura handia hartu diegu elizkizunen transmisioei, eta, okerrena, «Jainko gabeko mundu batean gizon guztiak Jainko direla» antzeman uste izan dudala, Tzvetan Todorovek idatzi zuen bezala.
Tere Irastortza