Lotara aurretik irakurtzeko liburu-sail bat izaten dinat ohe ondoan; batzuk loa galarazi eta irakurtzeko gutiziaz ametsetaraino eramaten ditinat, eta beste batzuk, interes handirik biztu ez arren amaieraraino irakurri beharrekotzat hartuta zeuzkanat.
Halaxe gertatu zitzaidanan udan best-seller horietako batekin, irakurri ninana jakin nahian jendeak zertan duen halako estimutan zutabeetan pilatutako liburu lodi baten peskiza.Liburu harekin ez nionan erantzunik aurkitu , baina etsirik ere ez dinat hartu eta hara nola oraingoan dela sei-zazpi urte irakurri eta tarteka azpimarratu ninan liburu batekin ari naizen berriro. Orduan bezala orain ere sumatzen dinat izenburuak iragartzen duen gaiarekiko interesak naramala ,eta ez liburuak berak , poliki-poliki ,orri bat bestearen atzetik irakurtzera. Eta ez dinat, hala ere, uzteko deliberoa hartu.
Izan ere, zera, badakin : asko ditun irakurtzeko motiboak , eta edozein motibo ere aski izan daiteke irakurtzeko . Eta zutabe hau idazteko mugan, azken liburu honek berak eman zidan erantzun bat, gizakien karakterraz edo izaeraz mintzo delako edo.
Beraz ,uste dudanez, bete-betean harrapatzen ez gaituzten liburu asko amaieraraino irakurtzea, bete –betean bizi dugun hainbat bizi-molde amaieraraino eramatearen antzekoa dun : beste batzuengandik jaso ditugulako edo geuk hara eta hona ibili ostean geure modutxo batetara moldatu ditugulako apika ,zera, badakin : ez-bizitzak bizi-ezinak baino eramangarriago direlako.
Azken batean, otu zaidan, edozein liburu amaieraraino irakurtzeko motibo asko egon arren, arrazoi bakarra dagoela aurretik : behingoan behintzat libururen batean geure bizia amaieraraino bizi behar dela ikasiak gaitun. Ah, eta bigarren arrazoi bat : ez dinagu hori ahaztu nahi.!
Tere Irastortza