Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mugalari    

Manuel Etxeberria zenak Zaldibiko familiei 60ko hamarkada modutsuan ateratako argazkiak ikusten aritu naun, ordenagailu aurrean. Argazkiei bere gisara pasatzen utzi eta oroitzen, bere izenak esaten duen bezala , horixe omen dun eta erretratua, atzetik datorrena finkatua uzten duena.

Oporretan aritua nindunan etxeko argazkiei begira, oso zalea ez banaun ere . Badakin, argazki berdinaren aurrean ez zionagu guztiok gauza berari erreparatzen . Geu garai modutsu hartakoak ginela jakiteak zahartu egiten gaitin umeen aurrean. Aldiz, geure aurrekoak , erretratuetan bakarrik aurki dezaketen lagun eta adrediaren oroitzapen artean, ordukoak direlakoan geratzen ditun tarteka. Hangoak eta ordukoak direla sentitzen dinate....ez baitin norberak bere aurpegia hain ondo ezagutzen, ispilu aurrean ordu asko eman arren.

Baina bart, zer- suma edo … geldi egon bat egin dinat, asko moduzkoa, argazkiei begietatik nire baitara sartzen utziz . Pasada batzuetan jendeari begira egona naun. Niretzat asko eta asko orduko bizimodu hartakoak bakarrik izan zitezken, argazkietan agertzen direnekoak, ez baitinat haien beste berririk.

Hurrengo pasada batzuetan,ordea, geldi egonean bakarrik aurpegia ematen duten bizipenak etorri zaizkidan. Esate batera, oinetako berrientzako umetan izaten zen desira; esate batera, familia-liburuetarako atera beharreko argazki ofizialetarako orduko sukaldeetan hartu beharreko lana : garbitu familiako seme-alaba guztiak; ume guztientzako arropak bildu eta ekonomika gainean jarritako plantxarekin lisatu, argazkia baino lehen ume guztiak geldi eduki zikindu ez daitezen…

Gogora etorri zaidan, argazki haietan agertzen den bezalaxe, umeek eta helduek zuten guztia soinean eraman zezaketela aise asko. Eta artean, garai hartan, hain gauza gutxi zen garai hartan, bizitzak gorputzei ematen zien zama eta aldi berean duintasun hori, orain, nola doan urruntzen eta urruntzen gorputzetik, argazkiak ukitu ere egin gabe gure begien aurretik pasa daitezkeen aro honetan.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago