Gizakia guztiaren neurria dela zionan Protagoas-ek. Hala esan bide zinan eta hala errepikatzen dinagu, zentzu metaforikoan beti, hori bai. Dena neurgailuaren araberakoa izaki, dena erlatiboa balitz bezala, ezerk berezko baliorik ez duela adierazteko bezala.
Baina zinez neurgailuen historia egin ezkero, nabarmengarria den inguruko kulturetan giza-gorputza dela neurgailua, eta ez batere zentzu metaforikoan. Hala jakin dinat egun hauetan, Antonio Nebrijak De mensuris, De ponderibus, De Numeris irakurri zituela 1510eko hamarkadan; eta gerora Juan Lorenzo Palmyrenok idatzia utzi zuela 1563an La sylva devocablos y phrases de moneda, medidas, comprar y vender para los niños de Gramática. Luis Mari Zalduak Saroiak eta kortak, autoeditatutako liburuan adierazten duen bezala, izan zitunan XVI. mende horretan hainbat auzi neurriak nola eta nondik zehaztu erabakitzen eta saroiak neurtzeko , oinak, goraibilak…. etab. aipatzen ditin. Eta , egia esango badinat, guztien artean, niri, izen moduan, gehien gustatzen zaidana gizabetea dun, zazpi oinez osatzen den neurria.
Liburu Azoka dela eta molde batera eta bestera aurkeztuko ditun liburuak, eta batzuk baita neurtu ere. Idatzi, bazekinagu, buruarekin ezezik gozputz osoarekin idatzi direla asko: gizabete, zazpi oinez. Kontua izaten dun, ordea, batzuetan hamalau-oinez neurtu ohi direla, beste batzuetan zerekin neurturik ez dela izaten, bakanegi direla.
Sarri entzun ohi dinat lagunkeriak zer nolako kaltea egin ohi dion kritikari …eta, aldi berean, uste dinat ez dela aintzat hartzen ezin-ikusiak zenbatekoa egin ohi dion gizabetez egiten ez den kritikari.
Gozotasunean ala min puntuan egon ohi dun aldea, sarri, eta burura etorri zaidan ,maitasunaren neurria neurririk gabe maitatzea zela idatzita utzi zuela San Agustinek . Ez zakinat hori idaztean zer pentsatzen aritu zunan, baina “neurririk gabe” horrek harrapatzen nain. Neurtzeko eskuratu egin behar denez irizten zionat , batzuetan, eskura ez dagoena bakarrik maitatzea erabaki duen aro batean bizi ote garen, gizatasunari muzin egin arren ez ote zaigun axola neurririk gabeko gorrotoaz neurtzea.
Tere Irastortza