Telebista piztu orduko badun beti astebukaeretan futbola eta kirola. Irabazle edota galtzaileen hazpegietara begiratzen dinat beste programen artean tartekatzen dituzten laburpenetan. Irabazleenak agertzen ditun gehienetan. Egonezin zena amorru bihurturik , aurpegia desitxuratuta egiten dinate buila. Zama batetaz arinduak ziruditen, zama bota eta zirt-zart hoska eta indarka aritzen ditun. Gordean izan duten beldurraren proportzioko zakarkeria antzematen zaien, sarri.
Eta hori ona eta osasungarria omen dun. Hala entzuten dinat, aspaldion.
Haiei begira, lepazainak gogortuta gogoratzen zetinat. Gu berriz betetzen garenetakoak izango gaitun, pentsatzen dinat. Beteta gaudela ere esaten dinagu euskaraz. Gainezka ere egiten dinagu sarri, ez itotzeko . Burmuina, gordetako “ esan banio “ eta “ esan ez nion bada”-z beteta zeukanagu ; gauzak bere gisara azaltzen direla eta alferrik izatekotan eman beharreko ez ziren arrazoiez beteta; aurreko esaldiak bezain korapilotsuak diren arrazoibidez mukuru. Birikak are gehiago , nigar bihurtu ez diren hasperenez , eztarria ez lehortzeko irentsitako txistuz, inori bota gabeko ttu-z bete –bete eginda ;lepa-zainak gogortu antzean.
Jende ahularen eta emakumeon izaera konpaktatzen duen masa omen dun, korapilo hori. Hala entzuten dinat, aspaldion.
Telebista itzali , altxatu eta arnasa hartzeaz bat arintzen gaitun. Nigarretan lehertu ez dena etengabe isurtzen dun. Eta betetzen behar izan duen denbora ere behar din isurtzen. Isuria geldia dun, baina geldiezina. Idatzi beharra bezala. Eta espero ez zuenari lanak ematen zizkion ur isuri horretan ez bustitzeak, ez irristatzeak.
Tere Irastortza