Badugu gure eihera eta errorak jira-arazteko adina ur. Eta gure ehiera eta errotak jiraka dabiltzan bitartean ahaztu egiten zaigu urak egarria asetzeko behar duela. Eiharak herren bezala egiten dute orduan jira.
Honela ikusten dut aspaldian honen haizatua dagoen euskal liburugintzaren krisiaren arrazoibidea ere, herren. Bapatean, ematen du alderdi gremiala – bere zentzu negatiboan – gailentzen ari dela. Idazle gehiegi dagoela eta soildu egin behar dugula sorkuntzaren basoa.
Eta herrena itxura ematen dit gure literaturaren-eiharak. Adibide bat jartzea izango dut onena. Egunotan irakurtzen aritu naiz bi liburu eder. Bata Lurdes Untzuetaren Uharak zure begietan izenekoa, Labayruk argitaratu duena. Bestea David Tijeroren Sakelako poemak , Beta argitaletxearena.
Burura etorri zait ez ote dudan askotan argitaletxe horien liburu-iruzkinik irakurri euskal kulturaren berri eman ohi duen prentsan. David Tijeroren poema liburuaren atze-aldeak argitaletxe honek euskaraz argitaratu dituen beste egile batzuen berri eman dit. Hurrenez hurren aipatuko dizkizuet, zuek, irakurleok, ezagutzen ote dituzuen galdezka : Eukene Lizeaga, Joan Aldamizetxeberria, Ines Goikoetxea, Angel Larrea, ,Mario Angel Marrodan, Joseba Gotzon Varela, Pablo Lopez…
Niri behintzat deigarri egin zait bakar bat ezagutzea. Ezin dut esan guztion liburuak oso onak direnik, irakurri gabe baitauzkat… Baina Tijerorena eta Untzuetarenek eutsi diote nire arretari, harrapatu naute .
Oroz gain , ordea, deigarri suertatu zait , prentsan, erreportaietan ez agertzeaz gain , liburu iruzkinak egiten dituztenek ere ia sekula halako argitaletxetako libururik ez aipatzea . Iritzi diot, gutxienez, euskal liburugintzaz dihardugunon artean halako zabarkeria edo utzikerai baten adierazgarri izan daitekeela.
Eta pentsatzen dut, Lurdes Untzuetaren liburuko protagonista bezala, izango ahal garela gure herrenaz konsziente garen neurrian , baliotsuago, herren bai baina errenditu gabe, horregatik; arrenkura gabe, horregatik !
Tere Irastortza