Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Ez da perfektua, esan hunan, ederra da, ez da perfektua; perfektua ez zela, horregatik, eder, eta edertasunaz miratzen ginenekoaz pentsetan geratu gintunan.

Akordatu naun, gerora, behin eta berriz Oihenarten poemaren izenburuaz ,” Joanaren betegintzarrea” hartaz, non perfektua betea baiten, mugatua, finitua, amaitua. Eta bai, arrazoi dun zeren eta betea, perfektua , gainera, izan, berez dun, inoren begiradaren beharrik gabe ; ez din erakartzen, ez din inork osatu beharrik. Eta , aldiz, eder dun erakartzen gaituena, osatzen gaituena, gure begirada eta laztanaz osa genezakeena; eta eder dun osatzen duguna, betetzen duguna.

Gaur akordatu naun , berriro, esan hunanaz, zoriontasunaz idazten hasteko zorian nintzenean. Zenbat fruitu galtzen den zoritu gabe, batek ziona. Batzuetan ez dugulako gauza bakoitzak behar duen sasoiari itxaroteko adinako egonarririk. Eta guztiak izango din bere zoria, uste dudanez. Denborari joaten eta pasatzen uztea, den guztiari txanda-pasa egiten uztea bihurtu dun gure garaiko ikur; denari pasatzen uztea batzuetan edo den dena harrapatu eta xurgatu nahian gure zoria ez galtzeko antsia , fruituak helduka biltzera ere eramaten gaituena, maiz.

Geurekoikeria iruditzen zaidan , den guztiaren zoriak gure zorionean zerikusirik ez balu bezala, bizitzeko joera hau. Erabateko, perfektu, betearen bila… zain egoteko patxada eza, harrapazka bizi behar hau, funtsean.

Akordatu naun , grekoen artean ere bazela nik zori honen pareko jotzen dudan momentua, gauza guztiak eta gauza bakoitza egiteko puntua, eta momentu horren zain egoten ( kairós horri itxaroten ) asmatu beharko dela.

Ez zakinat,ordea, egungo greko zein euskaldunak ez ote gauden batzuetan, zoriona galtzeko zorian. Baina egia dun batzuetan zorionak betetzen gaituela, eta gainezkaldi hori ixuri arteko onik ez dugula izaten; zoriona badela emari bihurtzen den ur-xume bat, iturburuetara erakartzen gaituena, aurrena, eta gero bere uretan eraman gaitzakeena, guk , laga ezkero.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago