Epez kanpo
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 3835
Iritsi gara milurteko honen amaierara eta han eta hemen irakur daitezke mendebaldeko kulturaren urratsen goraipamenak. Iritsi gara mende honen bukaerara eta noiznahi entzuten da mendebaldean bi mundu-gerrateko horien esperientziatik demokraziarako atera zuen bizikunen altxortegia. Iritsi gara urte honen amaierara eta Euskal Herrikoak ez diren komunikabide guztiek, eta Euskal Herriko zenbaitek, frogatutzat jotzen du ez dagoela Euskal Herririk España gabe.
Eta nik, Nafarroako dinastien historiarik ikasi ez duen honek, euskal kulturaren bideak saltoka ikasi ditudan honek, herri baten politika guztia alderdi politikoek ez dutela ordezkatzen uste dudan honek, irizten diot Euskal Herri zahar honek, bihotz gaztea behar duela, oraindik, izateko. Ez luzez irauteko. Irautea eta oraingo jergan «normalizatzea» ez baita apurretan desegitea baizik.
BIHOTZ
gaztea behar dugu izateko, gutxienez, hainbeste urtetan izan garena. Bihotz gaztea behar dugu, gorputz zaildua, burua ez hotzegia, eta hizketa berria. Eta hizketa berriarena garrantzi handikoa da. Ez da aski diruaren inperioari globalizazio deitzea errealitateak hobera egin duela sinesteko; ezkerrak, edota nahi badugu progresismoak, edo nahiago baduzue iraultza... dugun honekin aurrera egin eta gizartea aldatu nahi dugunok, nagusiki, hizketa eta irizpide etikoak jarri behar ditugu mahai gainean.
Bizitzaren eremu pribatua eta publikoaren artean zegoen etenaren kalteak jasan dituen belaunaldiak, zoritxarrez, beste belaunaldi bati eman dio bide. Hain zuzen ere, arlo publikoan aldarrikatzen diren guztiak arlo pribaturako bere horretan onartzen dituen belaunaldi bati. Eta arlo publikoan arrakasta, printzipio-eza, edota elkarbizitzan ideia guztiak balore bera dutela defenditzeak ekarri gaitu sinestera ideiek ez dutela inongo balorerik, estalki bat direla. Zeren eta, inolaz ere, ez da egia, iritzi guztiak zilegi daitezkeenik demokrazian. Iritzi guztiak egiazkotasun maila bera dutenik. Demokrazian, hain zuzen ere demokrazian, zenbait iritzik defendaezin beharko luke: heriotze-zigorra, atzerritar-legea, euskararen eremuak... Bakoitzak berea defenditzeko aukera emateak ez du esan nahi idea guztiak defendagarriak direnik. Era berean, politikariek ordezkatzen gaituztela onartzeak ezin du maila pribatuan «ordezkatzailearen» morala ekarri —zu pekatariarena—, parte-hartze eta errespontsabilitatearenaren ordez.
ETA
honela gizartea aldatu nahi dugunok —mistiko, iraultzaile, euskaltzale, feminista, GKEko kide...— aurren-aurrena errealitatea lausotzeko erabiltzen den demokraziaren defentsa hutsalean egindako hitz-jario eta lerdeari eman behar diogu amaiera. Demokrazia funtsatzen duen printzipioa ez baitago elkar-bizitzarako «interesatzen» zaizkigun arau eta ereduen baten defentsan, zilegi eta ona denaren bilaketa eta hausnarketa eta gizarteratze lanean baizik.
Eta edozein demokraziari horrelako oinarri etikorik eman ezean ziur nago beti epe barruan jokatuko dugula, baina ez zaigula sekula zelaira irtetzea egokituko.
Tere Irastortza