Liburuak eta arrakasta, arrastaka
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 4124
Liburuak non saldu eta nola erosten diren ikusita, gero eta gehiago, irakurtzea bakartate osoan burutzen den prozesua dugu. Neurri haundiko merkatu edo kale-kantoiko kazeta-saltokietan dauden liburuak besterik ez dira saltzen . Baina idaztea bizibide profesional hutsa ez dela irizten diotenek ez dituzte liburu horiek gehienetan irakurtzen. Eta orduan, idaztea ere bakartate osoan burutzen den prozesu bilakatzen da.
ORAIN
arteko hazaldietan, sarri, literaturara, historiara edo filosofiara ohitu garenok izan dugu gutxi-asko, bidean, gidariren bat: liburuez, giltzen kopia, tabako mota edota hondartzako baloiei buruz baino gehiago zekien saltzailea bederen. Intertestualitateak geroago lagundu digu bide horiek zabaltzen. Baina orain, argi dago, editoreak industria-gizonak dira, zentzurik txarrenean, eta ez enpresarioak, alegia, sustatzaileak, eta bere erreferente bakarra presentea da, eta hiru hilabetean aski saltzen ez den liburua desagertu egiten da betirako. Orduan eta kazetari-erritmoan idatzi eta irakurtzen den liburu gehiago dago, beraz. Eta besteak, —norbere buruari laguntzekoak— debaluatu egiten dute esperientziaren azalpena. Beraz esperientzia, jakintza harrotzen asmatzen duen legamia behar lukeena, jakintza jakindaria bihurtzen duena, aitorpen huts edota katekesi liburu bilakatzen da. Baina lehen bekatuak sistematizatuta zeudenean absoluzioak ere sistematizatutako zeudelako kexu ginenak, giza-esperientziarentzat beste sakonera bat asmatu nahi genuenak, sistematizazio ezaren absurdua baizik ez dugu ikusten kioskoetan eta.
ORDUAN
eta gehiago, zerbait irakurtzeko ezin da saltokietan erosi. Baina saltokietan erosten ez denak, ba al du eraginik gizartean? Gizartean eraginik nahi ez izatea ez al da ezer egin aurretik errendituta egotea? Eta hona, berriro, arrakastari buruzko erreflesioa.
Tere Irastortza