Zorionaren hiribideak
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 4419
Bitartean, gurean, zorionaren etorbideak zabalak dira: zorionaren abenida guztietan etxeak bifamiliarrak dira, ez dago inongo kutsadura-aztarnarik, ezta autorik ere umeak eskolara doazenean, eta bere espaloi eta parke zabaletan zapia buruan, korri egiten dute larru-zuriek beraien estresa desaktibatzeko.
Gaurko munduan honelakoa da zorionaren eta zoritxarraren irudia, eta, zoritxarrez, gure aurretik bizi izan direnen artean ere bai. Euskal letretan, askotan ikusten den bezala, itxaropenak bazuen izen zabala: Amerika, Indiak... eta zoritxarrak aldiz oso izen konkretuak zituen: Ternua, Montevideo, Buenos Aires, California, Nevada.
ESPAÑA aldean El Ejidora iritsitako etorkinekin gertatu dena ikusita, galdetzen diot nire buruari beraien Europa zabalerako bideak horrelakorik ekarriko ziotenik pentsatu ote zuten sekula lehendik. Ala, finean, hainbeste euskalduni gertatu zitzaiona ez ote zaien gertatu.
Gure artean klasiko behar lukeen liburu baten atarian, (Auspoak 1984an argitaratutako "Ameriketako bertsoak" izenekoaz ari naiz) aipatzen du nola Argentinak, lau urteko epean, 10.000tik 15.000 bitarteko euskaldun kopurua onartuko zuela aldarrikatu zuen 1883an, eta urte horretan bertan Uruguay, Argentina eta Txilek 25.000-30.000 hartuko zituztela zioten.
Guzti haiek, oraingo etorkinek bezala, ez zioten ametsezko mundu berriari geografia eta datu asko eskatuko, bere garaian Jean Etchepare mirikuak iparraldean edo Marzelino Soroak hegoaldean idatzi zutenari begiratzen badiogu. Zertarako egin horrenbeste galdera etorkizunari norbere zoritxarraren eta miseriaren esparruak horren kirastuak direnean?
Gainera, pentsatzen dut nire artean, orduan baino zailtasun handiagoak dituzte oraingoek amets-portuetara arribatzera ez arriskatzeko. Jo dezagun bere ezinen berri eman zuten Mikaela Zarrana, edo Juan Jose Arrietak bezala inork arabieraz, frantses, edo edozein hizkuntzatan bertsorik edo katurik bidaltzen diela. Ez ote diote entzungo "frakasatu" bati entzuten zaion bezala? Izan ere, zer balio du gure gizartean hitzak... errealitateak berak baino indar handiagoa duen irudi ugalketaren zurrunbiloan? Ezer aditzeko gaitasunik izango ote lukete komunikabideek hedatzen dituzten irudiek miserian bizi direnen irudimena populatua dutenean?
BAINA agian hori ez da gaitz berria. Bizitzeko ametsarekin behar da uztarduraren bat: ametsgaiztoaren aurkako irtenbide naturalena, berriz, ahazmena da. Eta burura lehen aipatutako liburuan agertzen diren bertso batzuk datozkit. Euskal Herrian horren ezagun den Txin txin diruaren hotsa" kantuaren bigarren bertsoa hain zuzen ere "Begiak zorrotzak ta/ memoria argi/ ezer ez dan lekuan, maitea/ atzaparrak garbi". Ez da kasualidadea izango inolaz ere, horren ezagun den kantu honen bertso hauek ez gogoratzea... Izan ere, ametsaren ondoan errealitatea beti gogorarazten aritzea latza da.
Orain Ifarrak eta Hegoak ez dituzte errealitate ezberdinak bakarrik. Amets eta lokamuts ezberdinak ere badituzte. Inolaz ere, guretzat, hobe da, zoritxarraren geografia hego eta ekialdean kokatzen dela sinestea. Inolaz ere, guretzat, hobe da, litekeenik mundurik onenean bizi garela sinestu eta aldatzeko inongo saiorik egiten dituztenak terapia-sesio batzuetara bideratzea. Eta, sobra ere, etorkinek nahiago dute zorionaren geografia mendebaldean kokatzea eta litekeenik mundurik txarrenean bizi direla sinesturik aldatzen saiatzen direnei lagundu beharrean, pateretan Ifar bila abiatzea.
Tere Irastortza