Halakoak santuhartu galantak zeuzkala esaten zen. Baina gaurkoan santuhartuez ez baizik eta santuen bizitzaz arituko naiz, gogora etorri baitzait Santa Genobebaren bizitza (eta heriotza) taldean irakurriz nola negar malkotan hustutzen ginen. Gero, zer esanik ez, Santa Agedaren bizitzak baino gehiago heriotzak ere edozeini sortzen zion oilo ipurdia.
Nolakoak izan behar genuen jakinarazteko, oraindik, gure garaian, santuen bizitzak bazuen indar pixka bat. Zer esanik ez gure aurreagokoenetan. Orain, berriz, filologo eta oso eliztar ez diren zenbaiten artean ez dela, badirudi, santuen bizitzak (eta berriro diot, heriotzak...) zer erakutsi handiegirik ez digula ematen. Gaur-gaurkoan heroien biografiak ere modan ez daude, eta aditzera dudanez, telebistetan furi-furian daude kirolari eta artista ospetsuen bizitzari buruzko pasadizoak edota besteak nola bizi diren ikusiz zelatan egoteko sortutako programak.
NONDIK edo handik, garbi dago badugula besteen bizitzaren berri izateko premia handia, eta modu batean edo bestean garena besteek direnaren arabera ere moldatzen dugula. Hala ere, santuen bizitzei halako arrakasta ematen ziena, zer zen? Eta ez ote zegoen ezer onik, orain erabat ahazteko? Zeren eta ez da aski Elizaren indarraz hitz egitea, egun mass-medien indarraz hitz egitea ez den bezala. Ala, telebistako saio horiek inork ikusiko ez balitu egingo ote lirateke? Galdera da, beraz, zer on egiten zion orduan santuen bizitzak/heriotzak horren berri entzuten zionari? Eta orain zergatik ez dion egin(go) izango da, agian, hurrengo gai bat.
Santua, eguneroko bizitzatik urruntzen zen norbait da. Sakratua eta Profanoa liburu ezagunean horretaz luze mintzatu zen Durkheim. Era berean, Bibliako hiztegietan datorrenez, "santu" hitza ez omen dator hebraieraz "berri eta garbi izan" aditzera eman bide zuen hadasetik, baizik eta moztu, bereiztean aditzera ematen zuen hitzetik. Alegia, mundu profano honetatik ihes egin eta Jainkoaren zerbitzura jartzetik. Santuek bazuten (badute), beraz, katekizatuek ez zuten zerbait, baina aldi berean katekizatuek eurenganatu beharreko zerbait. Beste gauza batzuen artean, santu guztiak aparteko bilakatzen zituena bere borrokari zentzua ematen zion fedea zen. Jende zaildua, eta horrelako gaitzak pairatzen lagun zezakeen fede hark bazuen, bere horrekintxe bakarrik, ordurako gizartera egokitua zegoen moral-ereduan gizaki arruntei gertatzen zitzaizkien ezintasunaldietarako egiaztatua izanaren zigilua; gaurko hitzetan esateko, "testatua", "ebaluatua", neurtutako indarra zuen fedeak.
Garbi dago kultura guztietan hitzak baduela bere alderdi sendagarria eta pozoitsua. Alderdi sendagarri horren lekuko, berriro, Gregorio Arruek Santa Jenoberaren bizitzaren hasieran zion zerbait gogora ekarriko dizuet. Gregorio Arruek santa honen bizitzaz esaten diren guztiak horrelaxe gertatuak ez zirela aldarrikatzen du, baina egia izateaz haratago, bizitza hari indarra eman zion fedearen indarra zen egiaztagarria.
Oraingo gizartean, aldiz, ez ote gaude "inorengan" sinistu behar ez den honekin, sufrikario guztiak uxatu beharreko karrera honetan, arras botika eta maila askotako drogetara makurtuegi? Santuen bizitzek, -psikoanalista askok bezala-, hitzaren bidez sendatzen dute... baina beste zerbait da aldatu dena. Lehen onartua, bereganatua zuen gizakiak, dena ez zela "larrosa koloreko". Orain, ezintasuna, sufrimendua jasateko ezezik, oztopo txikienari ere aurre egiteko, askotan, falta zaigu ezintasun horien "normaltasunaren" perzepzioa; aldaparik gabeko bidearen inposibilitatearen perzepzio soziala. Ez naiz etsipenaz ari, perzepzio errealistaz ari naiz.
Bigarrenez, lehen esan bezala, "neurtutako", frogatutako fede horrek bazuen garrantzi haundiko den beste ezaugarri bat. Komunitate batean, eta beraz, proiektu batean txertatzen zuen norbere bizitza. Norbere bizitzari ezezik, giza-taldeari proeiktu eta proiekzio bat eman zezaiokeen. Posmodernismoa asko tematu da munduaren ikuskera absolutizatuak faszismo eta sektetara iristeko ematen zuen bideaz, baina gure bizitzak antolatzen laguntzen digun "komunitatea" errazegi ahaztu du. Blasise Pascalek XVII. mendean esandakoa ekarriko dizuet goroa, ondoren, "Lazedemoniar eta beste batzuen heriotze emankorrek ez gaituzte aztoratzen, izan ere zer dakarkigukete? Baina martiriren eredua bestelakoa da, hunkitzen gaituzte gure porputz-atal direlako. Beraiekin badugu lokarrri bat, bere erabakiak gurea osa eta hezi dezake, "Algia, santuekin bazegoen batasun bat, mailakatua bazen ere.
Orri honek ez du toki gehiago, eta amaitu behar dudanez, aipa dezadan ez dudala esan nahi ikusmolde hura hobea zenik. Ikusmolde bat bazela, baizik. Orain, kuanto, badira beste katekizazio modu batzuk, pedagogia edo moral zibilaren izenekoak eta abar. Baina, garbi dago, begirada kolektiboa norbaitengan jartzen denean beste modu batean egiten dela. Eta hori, ziurrenera, beste batetarako gaia izan daiteke. Galdera, ordea, zera da, ezer egiazta ezin omen den aro honetan zein da hitza eta proiektuen tokia hartzen duen sendagaia?
Tere Irastortza