0-3 Urte: Hazaldiak, Belaunaldiak eta heziketa
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 5758
Ikusgarriak izan dira su-artifizioak, tximista eta trumoi hotsak. Euskal Herriko gizartean eta emakume gazteen -eta ondorioz familia gazteen- bizimoduan sekulako eragina izan zezakeena ez da eztabaidagai gertatu. Aukera zegoen -eta geratzen da- Euskal Herrian hain berandu eta hain urritan ama egiten den emakumearen beharrez eta iradokizunez aritzeko. Aukera zegoen -eta geratzen da- emakume-belaunaldien artean familia izatea eta hezteak sortutako ardura eta pozez modu emankorrean aritzeko. Aukera, ezin hobea, zegoen guztion artean haurren heziketa hobetzeko dagozkeen ereduak aztertzeko.
Horren ordez, aspaldion bere interesak guztion interesaren kapapean biltzen dituen funtzionarioen edo burokraziaren mentalitatearen agerpena ikusi dugu. Lotsagabe bai baitirudi gure seme-alabak bat-batean, dekretu honen harira jaio orduko "bezero" bilakatu izanak larritu egin duela zenbait, lanpostua medio. Lotsagabe, zeren eta zenbait alderdik erakutsi duten kezka adierazten baitu eskola nola erabiltzen den estatuak nazio bilakatzeko. Eta, gauza bategatik eta besteagatik zoritxarrez auzibide nagusia, haur jaio berriek indar edo susper dezaketen irakaskuntza-eredua izan da.
Baina aukera dugu, oraindik, eztabaidatzeko zer den gure gizartean hobetsi behar dena: umearen eta etorkizunaren garapen osasuntsu, zoriontsu eta burutsua ala ito beharrean beti ihesean doazkigun oportunitate eta txantzen xerka horretan buru-belarri murgiltzea.
Sinistuta nago amatasuna, askotan, lubizi bilakatzen dela, gure izakera inarrosten duen lurrikara ez denean. Haurdunaldia eta familia izan osteko bizipenei buruz indar eta adore gehiagoz mintzatu beharrean gaude. Beste bizipen batzuen artean, sortzeko gaitasunak eta egokitu beharraren arteko tenkak harrapatzen gaitu erdian. Gure seme-alabak hezitzea eta nola hezi behar ditugun deliberatzea, umeak zein ikastetxeetara eramango ditugun baino askoz eztabaidagune zabalagoa ireki beharko luke.
Amatasuna-aitatasuna neskametza edo morrontza bezala sentitzen ez dugunok ezin sinetsi beraiekin geuri dagokigun denbora hartuko dutenen bezero bilakatzen garenik. Haurren heziketan helduek -guraso zein hezitzaile- elkar osatu behar dugu.