Loa-Loa ttunttulun berde
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 5835
Amaia Zubiriaren azken diskoaren aurkezpen jaialdian izan ginen larunbatean. Irteeran, denak, gure txundiduraz aritu ginen, eta denak, Amaiak duen indarraz eta musikari eta konponketen kalitateaz, bai Pascal Gaignek hariekin sortutako arpegioena, bai Aitor Furundarenaren soinuaren espresioaz eta baita Javier Arearen perkusioak erritmoaren ordez kadentziak transmititzeko duen estiloaz isildu gabe aritu ginen.
Baina ez nago musika-kritika egiten ohituta, eta aurreko atala doi-doi luza dezaket. Orduan, jaialdiaren amaieran kantatu zuen Loa-loa eta Haizea taldearekin kantatu zuenari buruz hitz eginez baizik ez nezake jarraitu.
Haizearekin egin zuen aurreneko folk bertsio hura beste emakume batena zen. Umeari eragiten zion bitartean kantatua, zeren eta nola esan, amak ez baitzuen umea aztoratu nahi. Haurra lo zegoela kantatzen zuen Amaiak, plaza bete jende, umearekin bakarrik geratuz. Seaskako haurra babesteko umearen loa zaindu behar zuen. Haurra, ttunttulun-berde hura babestea zen bere egiteko garrantzizkoena, inolako babesik gabe bideetan zerabilen amarentzat.
Loa-loa horrela kantatzen zuen amarentzat zailena esatea zen. Esatea eta aldi berean esana isilik gordetzea. Umeari kantatzerakoan amak bere mina jarri nahi zuen lotan. Bere buruari aitortzeko balorea atera eta umearentzako kontakizun bilakatzean lotsa konjura zezakeen ama askoren hautua da, bururik eta argitasun izpirik galdu gabe bizitzeko. Kitarraren akordeek betetzen zuten lotsa eta beldurra. Lotsa eta beldurra ez ziren zulo beltz bat. Lotsa eta beldur hura ama batek ezagutzen ez zituen beste ama askorekin, gauez, elkartzen zituen jakinduriarena zen, bakardadeari, sarri, sortzen zaion memoria, oroimenarekin mamitua. Hori da tradizioa. Baitaratu arte aldaezin eta sakratu bihurtzen dena. Negar-zotin isila seaskaren kulunkara konpasatuz, bakardade hartan, gezur handi baten ondoan bizitzen nola jarraitu xuxurlatzen zuen tradizioak. Amak ez zekien nola ikasi zuen kantua... eta agian bere amak lotan jartzerakoan eman zion heldulekua izan zitekeela igertzen zuen.
Seaskaren kulunka bezala errepikatzen diren hitzak, seaskaren kulunka bezala errepikatzen diren doinuak. Errepikatuz gorde izanak indar-emaile bilakatzen du tradizioa. Norbaitek ulertu ahala izango duenean errepikatuko duen kantuaren indarrak, memoriaren bidez biltzen du isolaturik bizi dena, memoriaren bidez batzen ditu urrun dabiltzanak, ama-alabak, amona-ilobak, adiskideak, maitaleak, herriak.
Baina Loa-loa hori ez da Amaia Zubiriak larunbatean kantatu zuena. Jaialdiko kantu tradizionalek eta oraingo kantu berriek Amaia Zubiriaren bilakabidea egonkortu dute. Urte askoan berak eta beste kantari askok beren ahotsa emanez, euskal tradizioan loak hartuta zeuden kantuak esnatu ondoren, oraingoan Amaia Zubiriak entzule bakoitzak barruan genuen haurra esnatzea lortu du, bere tradizioa, bere esperientzia eta bere historiaren adierazgarri bihurtu dituen kantuekin.
Beste emakume bat da Amaia Zubiria, beste emakume batzuk gara bere entzuleak. Ama behar duten ume izaten ausartzen direnen heldutasuna du Amaiaren diskoko kantu bakoitzak. Egun-argitara esnatu da eta haurrak hizketan bezala egiten du bere ahotsak. Melodiek, akordeek, ez dute errez gogoratu eta errepikatzeko folk estilo goxo, entzungarri eta babestu hura. Adi jarri eta adierazi beharretik sortzen dira. Tresna bakoitza sartzen eta irteten sentitzen da, oroitzapenak hitzetan sartu eta irteten diren bezala, pertsonak gure bizitzetan sartu eta irteten diren bezala.
Baina jakina da ume izaten ausartzen direnen heldutasuna zulo beltzari aurre egiteko gai direnena dela. Haurra maxuxta ote da, ala ama-xuxtarra? Ama bere amarengana biltzen laguntzen dion zuztarra, altzoan eta kolkuan lo jartzen den umea. Amari, umea izaten jarraitzeko, bere umearekin batera hitzak harilkatzen ikasi duela esan nahi diona.
Emakume batena da Amaia Zubiriaren disko hau. Andre batena. Eta Durangorako agortu ez bada bertan salgai egongo den disko hau entzuten dugunok badakigu, dagoeneko, bere ahotsarekin abiatzen dela berriro tradizio eta altxor berritu eta berritzailea.
Tere Irastortza