Bizi puskak eta puskak biziz
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 5786
Paris, Lisboa, Bilbo, Manhattan, edota Obaba, Macondo, Zeru-bide eta Spoon River berak baino prosaikoagoa da Sakana herrietako bizimodua, edozein euskal herritakoa bezalaxe, poeta batzuk balkoira irteteko joera mantendu arren. Hemen ere, menditik baino autobidetik gertuago, zerura begira jarri orduko, hegazti errarien lorratza asmatu beharrean, arrano eta zapelatzen inguru-dantzek ziztu bizian doazen kamioien abiaduraren amildegira pikatzen gaituzte.
SAKANAKO BIZTANLE haiek ez dira, haatik, «Uda batez Madrilen» bezala, bakarka bizi diren hiru gizon edo emakume. Zigarreta eskuan, balkoitik begira edo platanondo baten azpian eserita, jendea bizitzen eta pasatzen begira daukan poetak asmatu du bete-betean -nire aburuz- puskekin bizitzearen eta puskatuta bizitzearen artean zerrendatxo bat hilbanatzea.
Horretarako, ziurrenera, abiadura moteldu egin behar da, bizkorrago biziz ez baitakit ez ote garen bizkorrago hiltzen. Horretarako, ziurrenera, norbere buruari konpainia egin behar zaio eta besteekin batera bizi behar da. Alegia, ezin da norbere burua bere gisara utzi, zeren eta, irizten diot, indibidualismoaren farfaila azpian egoismoa gordez egiten dena ez dela gizartean bizitzeko modu bat baizik: besteekin barik, besteen artean bizi ahal izateko egiten den hautua; ez besteak gabe bizitzeko, ez beste gabe bizitzeko, baizik eta, ahal den guztian, besteen gainetik bizi ahal izateko egitasmoa, hain krudela, non egoistenek ere bere burua galdu egiten duten, inori eman gabe, gordean edukitzeko antsietate horrekin.
LITEKEENA DA, hala ere, Sakana aldeko eta beste horrelako herrietako asko eta askok sakonera handiegiren premiarik ez izatea; aski izatea bizi puskekin ikastea bizi gabeko hainbat eta hainbat une, urte eta pasarte estaltzen. Baina begira-begira jarrita, antzematen da abiadurak eta egoskorkeriak ikustezin bihurtzen duen hariz bakarrik josi ditzakeela norberak bere puskak, denboraz, artez, eskuz.
Tere Irastortza