Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
  tirastortza
nab2009_46_1    

Neurria aldatu duzue eta, liburuaren antzekora ekartzean, esku bete geratzen da, eta koaderno artean eramangarriago eta gordetzen errazago eta ez botatzeko aproposago, esango nuke. Burura etorri zaizkit gure aurreneko Susa, Kandela, gure garaiko Saski-naski eta Arantzazuak eta Baionako museoko buletinak eta Eganeko separatak.

Iluntzetan nabarregi iristen da dena, irristakor bezala

Letra ere aldatu duzue, eta hizki ttipia ere maite dut. liburuetakoa bezalakoa, behatzak lerroa markatuz irakurtzen imajinatzen zaitudanean batik bat. hatzaren ukituz hitzak gogora lerratzeko ahalegin guztian.

Dena beste neurri botera ekarri behar genukeela etortzen zait aspaldian gogora, negu hotz honetan, telebistak, irratiak... etxeko epelean munduaren berri hain nabar ekartzen dutenean.

Kontatu nuen, aurreko batean, teleberri batean, 16-17 minutuz aritu zirela Euskal Herrietan errepideetan elurrak sortuko zituen eragozpenen harira. Gero Europa ekialdean gasaren auziak ekarri dituen ezintasunen berri eman dute, ia beti, hala ere, arin jantzita negoziatzen imajinatzen ditudan gizon batzuen irudiak barne. Iluntzetan nabarregi iristen da dena, irristakor bezala eta informazioaren argiak ezer gutxi nabarmenarazten du ezer.

 

Ez da aski Elizari ateak irekitzeko eskatzea. Denok dugu ateren baten giltza

Gris-zuri egon da inguru hau, edo zuri-beltz, elurrak erasoari ekin dion egunetan, eta lotarako jartzen nintzen paisaiari begira-begira pixka batean paratu orduko. Baina ez ... elur-erasoaren aurrean, txakurra sartu dugu garajera, hoztu ez dadin; Errumanian txorientzako urdaia zuhaitzetan zintzilikatzen ikusi dugu irudiren batean... hemen ikusi dugu elur zuriaren gainean janari bila ibili den xoxo beltzik, katuei auzoetan botatako janari bila lehiatu denik.

Gero eguratsa garbitu eta apur bat zuri-urdindu den artean, zerua batik bat urdin-urdin eta lurra une batez geldi-geldi egon den artean, halako bakea litekeela ere etorri zaigu gogora; telebistatik han eta hemen zabalik diren eski-pisten berri ere eman digute. Eta ez ... ez da posible halako lasaitasunik, gure baitakoa ez bada. Hitz egin dugu toki guztietan hotzaz, elurraz, antzigarraz, izotzaz, gatzaz, zoru ez irristakorrez ... eta komunikabideetan tartekatu dute auto-gidatzaileentzat dena arreta-eskatzea den sistemaren zirrikituren batean Donostian eta Bilbon zenbat ohe prestatzen dituzten aterperik gabeentzat... paperak dituzten aterperik gabeentzat. Gure txakurrek badituzte paperak, pentsatu dut. Zubiperen batean gizon batek beste bat erail du labankada batez, aterpe bila. Badakizue... halako egoeretan ... Imajinatu dut kalean topatutako egunkariekin sua pizten eta batzuetan koloreetako aldizkarien tintak sortutako gar berde- laranjei so. Eta berriz denak ñabardura gabe ematen duo. Gure jardunek ez dute zentzu praktikorik. Eguraldiari buruz hitz egitean ... batzuk, beste garai batzuetako lekuko umildu, bizi-baldintzei buruz ari diren bitartean, guk nola harremanak zentzu praktikorik ezera eraman dihardugu, denbora pasa hutsal batean.

Txakurrak oinutsik dabiltza berriz kaleetan eta gogoratu dut herri guztietan badirela txakur-zaintzarako ordenantzak. Hotz handi horiek ez dira, antza denez, erabat joan eta mundu zuri-beltzaren lokamuts ostean, eta mundu zuri-urdinen fantasia ostean, etorriak gara berriz berdetasunari begiratzeko eta ez ikusteko hotz- egunetara. Pasa dira urte berri ona opatzeko egunak eta lanera bidean kontatzen ditut zortzi mila biztanleko herri bakoitzeko kiroldegi eder bat. bere dutxa eta milaka metro epelez, bospasei ikastetxe eraikin, anbulatorio bat. udaletxe bat ..

Ez da aski Elizari bere ateak irekitzeko eskatzea. Denok dugu ateren baten giltza. Administrazioak eta Estatuak badute hainbeste baliabide eta eskumen horren ordenantzak herriz herri egiteko. Aterpe gabeentzat behar ditugu paper guztiak eta Nabarrako orriotan geratzen diren tarte zuriak. Eskubide guztiak beti eta gutxienekoak inolaz, aterpe gabeentzat. egun gris-zurietan. Jar dezagun behatza, maitea, zuria belzten duten egoera hauetan.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago