Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nab2005_56_1    
    tirastortza

Nik lurralde guztietarako gogoa izan det beti,gauza berri asko ikusteko egarria», idatzi zuen Agustin Anabitartek Aprika-ko basamortuan izeneko bidaia-liburu haren hitzaurrean. «Asi-itza» zioen berak. 1961 a zen.

Halaxe esan dezake mendebaldeko edonork, edonora joan nahi duenean. Izan ere, noranahi joan nahi dugula ezartzen al digu guri inork benetako mugarik? -Estatu Batuetara sartu nahi ez dugula, esan nahi dut-. Eta, beraz, geu izan gaitezke munduko gizaki migratzaile bekarrak.

«Beraz, Sahara-ko biotzera joan nai -jarraitzen zuen Agustin Anabitartek-. Sahara Aprika-ko iparraldean dago, bost mila kilometro zabal da ta milla ta bosteun kilometro luze, Ejito ta Arabia-ko lurraldeak gogoan artu gabe. Sahara, irakurlea, ondar-itsaso zabala duzu».

Artean Saharako bihotza hondarrezkoa zen. Eta orain, sahararrak desertuan kokatu ostean hainbat urte pasa ondoren, gose-greben eta presoaldi jasanezinen lekukotza hondar-alea bezain kontaezina denean... joan nahi ote genuke Saharako bihotzera?

«Basamortu orretan bizi da jendea, kasta askotako gizon eta emakume beltz eta beltzaranak. Bideak, ganbeluak eta kamionak egiñak dira.,franko txarrak geienak. Erriek, berreun, irureun, lareun eta geiago kilometroko tarteak izaten dituzte beren artean: palmera-basoen babesean bizi dira».

Aspaldiko urteetan, berriz, herri bakoitzeko ausartenek ekiten diote Afrikako basamortuak oinez iragaiteari, txoriek zerua bezala zeharkatuko dutelakoan. Inolaz, denak, ihesean dabiltzan andre-gizonak. Aspaldion, palmera-basoen babesetik urruti uzten ditugu pobre miserable direlako, eta kexu ohi gara, tarteka-tarteka Teleberri-n afaltzeko garaian horren berri ematen digutelako.

Beraiek miseria, gerla eta injustiziatik ihesean...Eta gu haiengandik ihesean  

Mendebaldea ez da horien beldur. Xaxatu orduko iheslariei lepora ekingo dieten zakurrak eskura dauzkate herrialde aberatsek. España -bere hainbat seme-alaba atzerritar bihurtu dituena- bat. Harro erakusten dute egiten duten lana. Badira sei metro gora altxatzeko moduko hesiak jartzeko gai. Guztion diruarekin -nirearekin bai, bederen, eta zuenarekin ez gutxiago-. Eta guztion isiltasunarekin.

Batzuk, hala ere, itsasoan etortzen dira, itsasikararen batek irensten ez dituenean.

«Arratsaldean, ordea, itsasoa asarratzen asi. Ta asitzea asi ta gero ta txarragoa jarri. Ontziko jendea larri. Balantzakin ezin egon zutik. Ez beñere nik ikusi orren ikaragarri, itsasoan ondo oitua nagoalarik».

Ditxa litzateke haientzat halako bidaiarik. Igerian pasatzen saiatuko ez direla ere...

Zer den ihesean egin beharra! Beraiek miseria, gerla eta injustiziatik ihesean... Eta gu haiengandik ihesean.

Udazken honetan, zerura begiratzen dut, ehiztarien tiro-hotsak arratsaldean zulatzen duen bakoitzean. Badoaz hegaztiak Afrikara. Eta begirada jaistean, beti aurkitzen dut alanbre-hesiren bat, Ceuta eta Melillakoa baino askoz apalagoa. Eta pentsatzen dut, sarri, zer sentituko ote duten hesi hura pasa-ezinik gu bezala zerura begira jartzen diren afrikarrek.

Eta mendebaldeko lukurreriaren basamortuak zeharkaezina dirudit.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago