Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
  tirastortza
nab2005_54_1  

Historia de una pancarta liburua oparitu zidatenerako, arituak ginen behin edo beste, gure herriaz, erabaki beharraz, isilean pasatzen ditugun injustiziez... finean, sarri etxean ere garbitzen ez diren trapu horietaz. Orduan batek esan zidan funtsean erabaki garrantzizkoetan hartu beharreko erabakia bai ala ez izaten zela. Zerbaiti baietza ala ezetza ematea besterik ez zela geratzen aukeran. Aukera dilema bilakatzen da eta dilemaren bi adarrak beti dira zorrotzak: izan ala ez izan, egin ala ez egin; esan ala ez esan; etsi ala eutsi.

Gauza muturrera eramatea dela pentsatuko du hainbatek, gure gizartea porrotaren beldur bizitzeko sindromeak jota omen dabil eta jendea erabaki hartu beharrik gabe bezala bizitzera emana. Aspaldi zioen (Erich Frommen aurretik) Txomin Agirrek Garoa gogoangarrian: «Zailada aukera dagoanean aukeratzea».

Zailagoa, ordea -eta anitzez zailduago egon beharra eskatzen duena-, aukeratzean aukera gabe geratzea, zeren eta aukerarik eza askatasunik eza baita -askatasuna izaki, euskaraz, aukeraren adieretako bat, esan-nahietako bat-.

Molde berean, dena opor bilakatu behar den honetan, eta beharrak oporrak eginbehar bilakatzen dituen egunetan, Hiroshima eta Nagasakiren urteurrenak berriro «ospatzean», prentsan etikaz mintzo dira, erabakirik hartu behar eta hartu nahi izaten ez dutenek ohi duten hitz-jarioaz, sarri. Egun hauetan, berriro, Historia de una pancarta erabili dut esku artean eta hainbat arazori irtenbideak aurkitzerakoan pentsatu dut dilema hainbatetan ez dela gure baitan sortzen, gure baitara sartzen diguten arren. Soketara bultzatzen gaituzte, etsi ala eutsi erabakitzeaz baizik ardura ez gaitezen; eztabaida-gai, auzi, denaz gehiago ari ez gaitezen.Nekatu osteko amore emateari beste batzuek erabaki dei diezaioten, beraiek egin nahi ez dutena geu egitera behartu gaitzaten.

Erabaki horien aurretik ia beti, gizarte-molde batek ezarri duen bide bat dago.

Nork bere adibideak jar bitza... baina uste dut, sarri, leon-kastillo erabaki beharrak gure bakardadearen aurrean jazartzen gaituela. Dilema, horrelakoetan, beti bera da: guztiek egiten dutena egingo dut eta neure baitan bakarrik aritu ahal izango naiz -beste hainbat bezala baina ez beste hainbatekin batera- askoren minaz, ala ustez egin behar dudanari eutsiko diot eta bakan batzuekin bakarrik aritu ahal izango naiz, tribu gabe geratuko naizelako.

Inolaz ere, sarri, Orixek zioen bezala, ez daukagu geure mende geure minaren aukera. Baina bakarka hartzen diren erabaki horien aurretik ia beti, gizarte-molde batek ezarri (edo eman) duen bide bat dago.

Ezinbestean erabakitzen denak aukera gabe uzten du askatasuna... askatasuna ahalera bizitzea baizik ez balitz bezala. Aukeran uzten ez dizkiguten erabakiak asmatuz bakarrik gizentzen duten askatasunaren ur emaria... sarri gure bakardadea ere isolamendutik libratuz, ibaiak zubirik ezean pankarta azpiak baliatuko balitu bezala.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago