Batzuk uste izango dute jende gehiagorenagana iristeko idazten dugula egunkarietan, batez ere. Batez ere horregatik, eta gure egoak gora egiteko hegoak behar ditugulako ere bai, ziurrenera.
Beste batzuk uste izango dute ezin apraposasgoak direla lerro hauek aldarrikapenerako eta burlarako, eta besteak jipotu eta zigortzeko, eta inoren bihotza jo eta puskatuko duen azkonak bidaltzeko .
Beste askok uste izango dute munduko jenderik harroenetakoak garela, honetaz eta besteaz hitz egiteko ausardia adierazten badugu, hain zuzen ere, ia beti, hizpide besteak eta besteen gauzak ohi direlako.
Gehienok dena bide dakigu beste edozeinek esan eta egiten duenaz, eta bi arrazoibide eta hiru hitz harrorekin altxatzen ditugu irtziak eta suposizioak. Halaxe da bizimodua, eta jo dezagun, aurreko guztia ere egia dela, gainera.
Ez dugu esaten, ordea, askotan begietara begiratu eta gure lagunei esan ezin dizkiegun gauzak esan ahal izateagatik bakarrik idazten dugula : ezin naun zoriontsu izan heure zoriontasunari txandapasa egiten badion; ez iezadan ondo haizena esan bihotza belunduta badun; zoriontsu nauk baina ez nikek hik igertzerik nahi; oxigeno guztia gorrotoarentzat uzten baduk hire garretan kiskaliko haiz; jata lepoa bihurtzek gogoa dun bakoitzean bota ezan txistua eta egizan inporta ez balitzain bezala …; bazakinat ez dunana errukia maite.. .eta, batipat, hitzok ez direla errukizkoak.
Ez dugu esaten, ordea, besteei opa diegunarekin ez dugula gure baita epeltzen asmatzen : munduko hitz guztiek ezin dutela ordezkatu atera ezin den garrasia eta orroa; beldurrak sator-lana egin zuela aspaldian gure baitan eta uxarka arituta ere ez zaigula iruditzen usna daitekeenik beldurraren egonleku hura; neguan ere leihora ateratzen garela txoririk eierrena pausa baledi .
Zaila baita adieraztea belaun-giltzak lasatu eta oreka galduko dugulakoan gaudenean, zorabio-beldur garenean , nola oratzen ditugun zutabeok, besarka ezin ditugun lagunak bailiran.
Tere Irastortza