Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Urteek dituzte bere aroak, eta bere hilabeteak eta bere asteak eta bere egunak. Eta egunek, gutxi –asko, hogeita lau ordu , bere hirurogei minutu eta gehiagozko hainbat segundorekin. Gehiegizko ordu horiekin lau urtez behin beste egun bat kontatzen dugu. Hain ziurra eta lasaigarria dirudi kontaketa honek, non ez dugun kontatzeko tarterik hartu beharrik ere sentitzen. Eta egun bi berdinak ez diren arren geure eskuetatik pasatzen ez diren egunak honelaxe neurtzen eta zenbatzen ditugu, eta halaxe ematen digute bizi-aldi komun baten itxura.

Badira, oraindik, bestelako denborak : geure eskuetatik iragazi eta maneatu nahi genituzkeenak : hau gordez eta beste hori eraldatu edo galaraziz. Eta egun horiek eta data horiek sakralizatu egiten dira eta beste egunen hondarretik bereizi, eta egun horiei zantzu eta esan nahi berezia eman ohi zaie, berezkoa ez dutena, gehienetan. Halako eguntzat hartu ohi dira pasa den igande bateko hauteskundeak, bisiestoak bezala lau urtetik behin antolatzen direnak guretako batzuentzat.

Oraingoan seinalatua geratu da hauteskunde igande bat , hegoaldean, emaitza eta ez-emaitzen kontura; ez-emaitzen kontura alde batetik, zeren eta beroietan abertzale askok ez baitu botorik eman utzi ez zaiolako eta beste askok botoa emateari utzi baitio – ene iritzian – alderdi abertzaleek bake prozesuan bezala azken hauteskundeetako emaitzak kudeatzen erakutsitako baldarkeriagatik ere; eta emaitzen kontura , beste alde batetik, abertzale askok botoa eman baitu, inondik inora, abertzaleen indarra ordezkatu beharrekotzat jo duelako.

Nahas mahas horretan, zergatik esaten dugu denak abertzale garena ? Ziurrenera, datorkigun politika eredua onartu ordez geure eskuekin maneatu nahi dugulako , ziurrenerako edozein aldaketa eta eraldaketa begi hobez ikusten dugulako geurea ez den estatu bateko hiritar ez garelako, eta “ abertzale “ deitu beharrik gabe bere nonbaiteko hiritartasuna defenditzeko modu bat bezala botatzen duten euskaldun batzuen aldean.

Funtsean, beraz, abertzale gara badugulako eraldaketarako beharra, gutizia, indarra eta hein berean badakigulako ez dugula eraldaketarako geure inteligentzia eta batasuna baino indar handiagorik, ez baitugu eraldaketarako behar adina botere, inolaz .

Boterea dutenek, ordea, botere guztia behar dute – txandaka bada ere --. Eta botereaz baliatuz guztion denborak maneiatzeko eskubidea dutela irudikatzen dute . Onean ez bada txarrean , erabakia hartuta dago : hiritartu denak ! Orain eta supituan ez bada, hurrengo belaunaldian , denbora kontua da .

Baina ikusten al gaituzu , adiskide, abertzaleok , nonahiko hiritarren denbora eraldatu eta maneatzeko propositoarekin… edo sikiera geure egutegi bati begira ?  Ez ote garen berriro hurrengo urte bisiestoaren zain geratuko !

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago