Gaur ez zaizkidan hitzak ateratzen, esan didan, eta nik isilik egoten ikasi nahi ninake, eta ateratzen ez diren hitz horiek entzuten ikasi. Adi jarri naun eta salatik telebistako kalaka zatorren. Eta nik, burrunba horren gainean joaten utzi nahi dinat nire hitz egiteko joera gogaikarri hau . Gaur ez zaizkidan hitzak ateratzen, hik esana gogoratzen dinat. Su bat masailetara.
SU. Etortzen zaidan burura nola su bakoitzak pezeta bat ematen zuen urtean konjuruetarako, eta nola su bakoitzak zuen ordezkari bana batzarretan, beste garai batzuetan. Ordezkaritza zuzenagoa zunan eta oso gauza jakinetarako.
Ideiak lasto-suak bezala, laster suak ditun, badakin, Oihenartek esana. Eta isiltasunean hitz bat beste bati lotzen zaion, eta orain suaren ordez, ordezkapena zatorkidan.
ORDEZKATU. Ez zinakeen berdin izan behar inoren ordez aritzea eta ordezkatzea. Esan ere, esan zezakenagu, apika, lehen oso toki eta gauza jakinetara bidaltzen zela bakarren bat norbere ordez. Orain,berriz, okerragoa dun eta suari su ematea baino larriago, zeren eta demokrazian ordezkapena bihurtu dun arau eta norbere ordez gauzak egitera inor bidali ahal izatea salbuespen : kasik ezinbesteko.
JOKATU. Baina apustu egingo ninake oraintxe Retanaren hiztegiaren gainean, eta suak itzal arteraino jo dezala nahi duenak, ez dakitela besteek nola gu ordezkatu, geuk ordezkatzen baitugu aspaldion geure burua, halako eta halako papera jokatuz eta tokietara goazenean – besteen aurrean ari garenean eta – orduan eta gehiago norbera izan beharrean, bakarren batek egoki jotzen dituen hitzak, jantziak eta ahotsak erabiliz, beste batzuk esan nahiarazi digutena esatera eroriak gaudela, osotara, kalaka-matraka.
Gaur ez zaizkidan niri ere hitzak etortzen eta adi-adi jarraitzen dinat , telebistaren abarrak beheiti. Eta pentsatzen dinat : erre ditzagun paperak, adiskide, ez ditzagun joka. Isilago eta adiago naukanala asmatuko ahal dun… behinke !
Tere Irastortza