Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
  5  

Hurrengo zutabearen txanda, aspaldian, inpentsan bezala etortzen zaidan. Esan nahi dinat, aldez aurretik zertaz idatzi pentsatzen jartzeko denbora bera ere eskuetatik joana gertatu balitzait bezala.

Hobe ninake, sikiera, esan beharreko guztiak esanda utzi izanaren irudipena banu . Hori ederra izango dun, ziurrenera. Nahiz eta ez dakidan sentipen horren ostean ,oraindik, idazterik izango den . Baina hori bai, gogorragoa izango dun, horren aldean, zer esanik gabe bezala idazten hasi beharra, esateko ezer berririk geratzen ez dela adierazita uzteko modu hori.

Aitortu behar dinat, hala ere, asko lasaitzen naizela pentsatzearekin galdera hau horren errepikatua agertzen denez gero, ateren bat irekiko duela , zeren eta, kontrara, gure gizartean, norbere bizitza norberena eta norberena bakarrik dela aldarrikatu eta defenditzen baita gogotsu.

Baina ez. Bart konturatu naun zergatik harrapatzen nauen aspaldion txanda honek inpentsan …eta zera dun, aurreko zutabeetara jotzen duanean, nire barnean ,aspaldion, Pablo Antoñanaren zutabeen gabezia ere sentitzen dudala, idazten hasteko . Sokaren bat eten izanaren beldurra eta aldi berean gurekin ez den denborak ere berekin eraman gaitzakeen irudiaren akuilua.

Eta pasa den asteburuan, Antoñanaren testu bat agertu dun nire begien aurrean. Erlea aldizkarian ari nindunan, orria orriaren ostean, hor nonbait izanik geurean direnen arrastoari jarraika : Laxalt, Laboa… Eta, braust, Antoñanaren “ Hau naiz ni ( Fitxa)”, Fernando Rey-k itzulitako testu ezin eder –izugarriagoa, begiak ixteko eskubideaz eta itxitako begien soseguaz ari dena.

Indarra eman zidan pentsatzeak 1971rako halako fitxa idatzi zuenak beste hogeita hemezortzi urtez bizi eta idazteko adorea izan zuela. Izan ere, arrazoi zinan “Ez gaudela bakarrik “ idatziz .

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago