Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
mugalari    

Bero egiten du. Izarditan dago lurra : belarrak, hostoak. Gu izarditan gaude. Izerditan da izadia gure inguruan, eta iruditzen zait, jarri ezkero, izadiaren izerdiak baduela koplarik! Baina , gauza da, gero, izardia! Ez dut askotan aipatua ikusi, nola eta ezten behinola ezarritako madarikapen biblikoan : gure kopetako izerdiarekin irabaziko genuen bizimoduaz.

Geldi arazteko eskatzen digu izerdiak, hainbestetik behin. Nekatuak gaudela. Egonean giro hobea izango dugula , itzala eta baztuetan besteekin aboroa ere bilatu behar dugula. Gauza ederra da, neurri batean, izardia. Izardia ez da, sarri, egonean ere eramangarri, baina egonera behartze gaitu eta egonean gauza asko etortzen zaigu burura, egonean irudi anitz begitantzen zaigu.

Hala, izerditan, begitantzen zait, sarri, gure izardia. Izartegia esan beharko nuke, zehatzago, inolaz. Izarren talkak hots handia ateratzen du,eta izerdi batzuk ere bota arazten ditu. Azken bolada honetan hainbat idazle izerditan ikusten ditut. Batzuetan irizten diot euskal literaturari uda-betea iritsi zaiolako dariola izerdia : oparo, gozo, Beste batzuetan, ordea, arnas-estu nekatua nabari zaio, auspo berotua. Gure tropelean anti-dopinaren beldurrak guztiok kutsatu bagintu bezala. Tropelean ezer ez baikinan eta tropelik gabe hutsaren hurrengo bagina bezala. Baina azken izerdi honi, gainera, jendetasunaren kiratsa dario : autobusei edo metroei gainezka doazela darien sunda modukoa . Egonean… horixe etortzen zait burura : ez ote diren batzuk pilatuegi sentitzen.

Eta orduan, egonean, mahai gainera begiratzen dut, eta uda honetan , irakurri behar ditudan liburuak eta irakurri berri ditudan beste liburu eder batzuei darien mama gozoaz akordatzen naiz : Negutegia, Vdrama, Mari Trtekuk Mattinen biziaz idatzia, Gerrate karlistetako dokumentu saila, Nafarroako gazteluei buruzkoa,P. Lopez de Tejadaren poemak…. Euskal literaturaren mama aho-gozagarri zait , euskal liburuen orriek abenikatu egiten gaituzte , itzal beharrean gaudenean. Bero egiten du. Egarri naiz. Euskal literatura urtu egiten zait begietan.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago