Liburuen aurreneko orrian idatzitako datan antzematen dinat denboraren joana , maizenik. Denboraren joana esatea metafora bat dun, zeren eta , sarri, atxikitako denbora bat antzematen baitut eta beste batzuetan denbora lo gelditu izan bat, eta baita usteldutako denbora bat ere, hainbatetan. Baina ez aspaldian, aspalditxo, garaia iritsi izan bat edo antzematen dinat eta.
Hala gertatu zaidan Margarete Buber-Neumann-en Milena irakurtzean. Dauzkadan Kafkaren liburu gehienak orain hogei urtekoak ditun eta, liburu honek hamabost urte zeramatzanan Kafkaren Milenarentzako gutunak haren ondoan. Ordu hartan Milenaz neukan iritzia eta Felice Bauer-i buruzkoa beretsuak zitunan : emakume bat berarentzako ere idatziak ziruditenan Kafkaren gutun haiek, Kafka hobeto ezagutzeko lagungarriak oso. Baina inolaz ere harreman batetaz ari ditun, eta ez hainbeste gutunen hartzaileaz, eta beraz, ez ditun horren baliagarri emakume horiek ezagutzeko. Besterik gabe.
Milena Jesenka-Pollaková , esate batera, Kafkaren lanen itzultzailea ere izan zen . Jakina dun elkar maite izan zutela bi-edo hiru urtez eta litekeena dun Milenak beti guztian maitatu izana Kafka, gutun bidezko harremana galdu ostean ere. Itzultzaile alderdian ez ezik beste alderdi askotatik aurkezten zigun Margaretek Milenaren bizia eta heriotza… eta Miilenaren kasuan pluralean ere mintza gaitezken, bere biziak eta heriotzak asko eta korapilotsuak izan baitziren.
Azkenean, hil, Rabensbrück-eko kontzentrazio esparruan hil zunan eta han Milena zena ezagutu ondoren idatzi zinan Margarate Buber-Neumannek liburu hau. Ziurrenera hain baldintza latzetan elkar ezagutu, elkarrekin bizi eta elkarrekin ezin hil izanak batzuei ematen dien gizatasun-zentzurik gabe ez zinan Margarete-k liburu hori eta ez beste inolakorik idatziko ( aldez aurretik Margarete Stalin-en kartzela ezagutu arren, Milena izan baitzen , aurrena , eta Kabensbrück-eko egonalditik bizirik ateratzeko han bizi izandakoa kontatu eta idatzi beharra bizitzeko akuilutzat hartu zuena ).
Baina esaten ninan, hasieran, nola, batzuetan, oraingoan garaia iritsi izan baten antzeko sentsazioa izaten dudan. Liburu honekin lagunarte batzuen indarra sentitu dinat. Badakin, hik ere, gure gizartean ez dagoela oso ondo ikusita miresmenaren agerpena, txolinkeria eta inozokeriatzat hartzen dela gehienetan, eta orobat, emakumezkoen kasuan .
Milena liburuan, aurren aurrena tonuak esnatu nain, gure literaturan ere ezagun dudan tonuak . Liburu honetan ere , inolaz ere Kafkak Milenari idatzitako gutunetan bezala, Margareten izaeraren arrastoak geratu ditun… baina badun gertutasun disimulatu gabeko bat arras maitagarria gertatzen zaidana . Maitagarria, hein batean, badelako erreibindikazio bat ere :hurbiltasunaren aldarrikapen ozena. Margaretek ez din disimulurik bilatzen Milenarekiko miresmenaz aritzeko, inolaz ere panegeriko bat egin gabe . Maitagarria, ordea, batipat, gainera, miresmen hori hurbileko harremanen aldarrikapen bilakatzen delako , egoera latz hartan ere.
Egoera latz hartan ere, Ravensbrück-eko kontzentrazio esparruen antolaketan presoek zituzten zereginez ari dela – komunista eta Jehovaren Lekukoez ari denean ,batipat -- salatzen din Margaretek , nola taldekide arteko harremanek galarazten dituzten besteekiko giza-harremanak. Taldeek onartzen dinate batzuen artean bakarrik bana daitekeela elkartasuna eta laguntza : halakoetan, taldekideen arteko kohesio elementu bilakatzen dun elkartasuna, ziurtasuna funtsatzeko katabegi hutsa ,eta, hartara, lagunartekotasuna, giza-harremanen eremuan ez baino talde eremuan bakarrik defenditzen dun .
Gu ere kontzentrazio –eremu erraldoi batean bizi ote garen etorri zaidan burura… eta berehala, leihora egin dinate ene begiek , alanbre-sare bila , zelatari bila. Lainoek estalitako zerupean , iritzi zionat kontzeptuen defendatzaile ausartak bihurtzen ari garela eta ez, inolaz, gizakien defendatzaile , batik bat, gizakiak beren bakardadean defenditu behar diren garai honetan
Tere Irastortza