Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mugalari    
pdf    

Euri jasa batek zeharka eraso eta arkupe bat aurkitu dinagu itsaso bazterrean. Itsasoa masa gris batek mugatzen zinan eta itsasoa olatuetan apartu eta gero apurtu egin dun. Eta autora bidea hartu dugunerako ostarte urdinek udaberriaren indar eta grina erakutsi dinate, geure lur hau bustitzen denean, geure bideetako asfaltoari ere lur kutsua emango baliote bezala.

Halaxe dun geure izate hau aspaldion, bidegurutze bakoitzean zerbaitek eraso gaitin, eta alde guztietan atezuan bizi garela iruditzen zaidan.

Barandiaranek zionan bere ondorengo euskal kultura –kultura oro gisara zedarritzen duten arau, ohitura eta erritoez gain– definituko zuela euskal kulturari buruzko kontzientziak ere. Geurezko egiten gaituen kulturak, geurezko hautatu behar izanak sortutako hausnarketa batek euskal izaera barru-barrutik berrituko zuela.

Modu bertsuan, ziurrenera, Smetanak ez zinan “Nire aberria” izeneko sinfoniarik idatziko husitek gerla galdu ez balute, eta harrezkero txekiarren gogoan Sarka neskagudariaren edota Vlanik mendiaren erraietan bizi den zaldun ejertzito eskergaren zain ez balira izan, eta Moldava ibaiaren izena txekieraz Vltava ez balitz.

Modu bertsuan, neuk ere, uste dinat, Oihenartek ez zuela bere herria Pirinioen bi aldeetan bizi den herri gisara definitu beharrik izango, eta Orixek ez zuela “Euskaldunak” idatzi beharrik izango, eta geu naturarekin armonian biziko bagina ez genukeela ekologian pentsatuko, eta gizarte honetako indarkeria gabe ez ginatekeela hain feminista edota bakezale izango, eta nonahi euskaraz bizi ahal izango bagina ez ginatekeela euskaltzale izango eta beti esanezinaren laino mehe batek estaliko ez balu gure hizkera ez ginatekeela abertzale izango, eta gaur ez ginatekeela hain harro sentituko euskaldun izateagatik

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago