Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
mugalari    

Fotosintesia zunan gaia, umeak ikasi beharrekoa. Nola gauez oxigeno lapurtzen duten landareek eta nola egunez oxigenoa oparitzen duten. Eta eskola – hiztegi batzuetan fotosintesia hitzen arrastorik ez, eta besteetan haurren neurrira egokitutako definiziorik ez, eta azkenean, han-hemenka, definizio-kate bat behar duen lerrokada ulergaizto bat. Gaua zunan eta gure garunek ere, agian, fotosintesirako gaitasuna galdua zinaten, aitor dezadan.

Eta azkenean, gaua delako edo kutsatuta gaudelako gai batek gogora ekarri zidan beste bat, eta ulertzearekin batera ikastea eta erakustea ere harilkatu egin ditun. Eta gogoak eskatu zidan , esanda uztea, ulertze hutsa ez dela aski ulertarazteko , fotosintesi gaiarekin bezala eguneroko beste edozein gai hartuta ere.

Eta, horretan, eman zionat gogoa gaitasun- konpetentzien gaiari. Eta orduan eta beharrezkoago dun, inolaz ere, norbere burua subjektu bakartzat hartzen duen jende artetik gizarte bat osatzekotan. Baina funtsezko edukien euskarririk gabe zerez egituratu formak ?

Ilargi bila begiratu leihotik eta otutzen zaidan ez ote garen gau-ilun batetara bihurtzen ari, orain arte ondare izan eta elikatu gaituen jakintza eta informazioaz baliatzeari utzita . Otutzen zaidan, hitz handi horien azpian hizkuntza-gaitasunaz eta informazioz urritutako adimen batek ez ote dituen oxigenatu beharrean kutsatuko gure barruak.

Izan ere, testu-liburu asko irakurrita – barkatu , ikusita -- beldurgarria gertatzen zaidan antzematea , testuinguruaren aitzakian, testu egituratuetatik nola ari garen ihes egiten, nola dirudien, lehen dena ikusten omen zuen Jainkoa bezala, alde guztietan dagoela orain informazioa; beldurgarria nola gogorarazten didan informazio-gizarte honek zefalopodo erraldoi bat, bere irudizko besoetan estutu gaitzakeena kraskatu arte.

Eta norbaitek esango din, agian, idazlegurako baten harrokeria dela eta ekartzen zidan gogora Oihenartek zioena , Axeria predikatzen denean ari, gogo emak eure olloari.

Baina buruz ez ikastekotan gogoz ikasi behar dela ere uste dinat, oraindik, eta , aspaldion, gogoangarri egiten zaizkidan letraz betetako testu-liburuak, beharrezkoak, sarri, informazioaren fotosintesitik jakintzara iristeko.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago