Adiskide, beldur apur batekin idazten dinat. Esan dezadan egia, orduan eta gehiago epai zain bizi garela iruditzen zaidan.
Epailez mukuru zauden bazter guztiak eta gero, badakin, epaiketa sistema hau alde guztietara hedatzeaz bat, zigorrak automatizatzeko garaia ere iritsi dun, norberak bere buruarekin zigor-kontabilitatearen arabera pentsatzeko ordua. Salaketen garaitik epaiketen errepresentazio garaira pasatu gintunan eta orain epaien aroa sartuta gauden , bete betean.
Gertaerak ordenatuta ez ezik itxita eta giltzapean uzteko premia larri batek astintzen ditin bazterrak. Gertaeren narrazio garaian bizi gaitun, politikan eta kultur politikan eta literaturan ere: aurrena esanez gauzak hala eta hala gertatu ziren, eta gero, gauza hauek horrela eta horrela gertatzen dira. Hortik ondorioztatzen da urrena , gauza horiek honela eta honela gerta daitezke, finean neurriak hartzeko , honelako gauzarik gerta ez dadin…
Izan ere, narrazioak beti birkonposaketa lan bat ditun. Urratuak osatu, hautsiak konpondu eta kontraesanak albora utziko dituen lerro zuzen bat behar din nonbait; eta iragana itxi behar bat ere bai, beti, aurrena. Eta horretantxe ari ditun epaiak ,ordenatu egiten baitute gertaeren kontakizuna epaiek, epai guztiek : ordenatu eta itxi,eta mugi ezin daitekeen iragan bat sortu: zalantzentzako tokirik uzten ez duena , eta ezta aukerarik ere. Aurrena iraganean, eta gero orainean eta etorkizunari begira azkena.Dena ondo itxita. Bizitza eta bizitzarekin egia kontraesanik gabekoa dela adierazi nahiko balute bezala.
Beldurrez bezala idazten dinat ,bada .Zigortzeko eskumena – eta ez eskubidea – hartu dutenez gain, gurean ere ez zionat eta inor askori entzuten esaten gauzak honela ere ba omen direla. Desagertzear behar din omen-ka hitz egitearekin ote-ka pentsatzeak ere. Eta denak lerrokatuta , kontagarri eta beraz kontraesanik gabe behar duen honetan, beldurrez idazten dinat, denek ez ote diogun utziko eta ekiteari, eta ekiteaz bat izateari.
Tere Irastortza