Oturuntza
- Xehetasunak
- Kategoria: MUGALARI
- Bisitak: 3892
Beste batzuetan bezala elkartu ginen. Aspaldiko lagunak gara, lagun zaharrak.
Oraingoan , elkar ikusi gabe ginen aspaldian, eta elkarri begira ere egon gintzaizkion : bati bizitzak eman dion pasarea, besteari urteek erantsi dioten gozotasuna eta dotorezia. Elkar ikusi gabe ginen aspaldian, baina betikoak betikoetara bildu ginen . Elkar ikusi gabe ginen aspaldian eta gure bizimoduari buruz arituko ginela uste izan nuen… baina ez : zertarako , aspaldian elkar ikusi ez eta , elkarren berririk behar izan ez badugu aspaldian – pentstatu nuen, azkenean, nire artean --.
Mahaian ere eseri ginen betikoak betikoekin, eta guztiok batera jatekoa eta edaria aukeratu beharra egokitu zen . Mahaiburuak nabarmendu ziren – Dakitena jakiteko ardo ona edango dute etxean egunero, pentsatu nuen , berriro nire artean -- Jatekoaz ez genuen erabakirik hartzen – Zu beti bezain mizkina esan zion mahaiburuaren eskubikoak, beste muturrekoari eta mizkinari berotasun etorri zitzaion masailetara. Erdikoak, bada ez bada, esan zuen Gogoan al duzue… eta atzera egin genuen eta gooratu geniuten mahaian pasadizo zaharrak, asko eta asko zelebreak eta gogoratu genituen mahaian ez zeuden askoren bizimoduak… hain zirudien erraza besteen berri jakiteak ! Aritu ginen oraindik iraganari buruz, aritu ginen honetaz eta hartaz … baina ez oraindik lagun egin eta adiskidetu gintuenaz.
Afaria aurrera zihoan, maxiaketa molde guztiak jorratu ziren, laudorioetatik hasi eta eramanezinera bitarteko bide guztiak eginez … baina inork ez zuen aipatzen , inork ez zuen ateratzen gure gaia … inork ez zekien nola bukatu istorio hura, nola ekin berri bati .
Eta halako batean, isilenak , umil esan zuen… eta bildu garenez egin dezagun topa . Eta isiltasuna desegin ordez, isilaldi motz batek izoztu egin zuen giroa. Gehienek , esku artera , zapiak hartu zituzten…,– Denborak umildu ez dituenen alde, jarrraitu zuen eta egin genuen topa . Baina batzuen begiradak ez ziren edalontziekin altxatu : umilduak ziren, agian,azkenean.
Tere Irastortza