43 urte bete behar ditut eta... ez dut hasiera hoberik aurkitzen, horren amaiera kaxkarra eskaintzen duten berri zaharkituetatik ihes egin ezinda.
43 urte bete behar ditut, eta senarrak zer oparitu ez dakiela esan didanean, oraingoan libururik ez, erantzun diot, adieraziz aurrekoan oparitu zidanak, Bernardo Atxagarenak, oraindik zer suma handiak emango dizkidala. Oraingoan libururik ez galdetu dit, harrituta, eta niri, etxerako zerbait nahi baduzu, atera zait natural-natural, burutik Carod Rovirak ETAkoekin hitz egitearen kontra igandeko El Paisen Eduardo Uriartek idatzia artikulu honetarako baliatzea burutik kendu ezin dudan bitartean: "Si fuera cierto que sólo hablando se entiende la gente, no existiría el terrorismo".
(T)errore.
Hitz egitea bakarrik komunikatzeko erabiltzen dela egia balitz ere, ez legoke aginterarik, pentsatzen dut, aspaldion, emakumeen aurkako bortizkeriaren aurrean erakundeek erantzun instituzionala sinbolizatzen duten azken argazkiari begiratuz.
Jarrai dezagun erdaraz, Si fuera cierto que sólo hablando se entiende la gente, no existiría el estado que detenta, legítimamente, según la teoría política, el monopolio de la violencia (y la emisión del dinero).
Dagoeneko badakit û43 urte ez dira-eta alferrik pasaû senarrak pentsatu duela, horrelakoetan, nirekin hitz egitea alferrik dela. Tant pis. Ez bazait inporta oparia... 43 urteak alferrik pasa ez diren seinale.
Antza denez, alferrik da hitz egitea, Eduardo Uriartek kantu baten hitzak gogoratuz dioenagatik. Hala bide. Gaztetatik ezagutzen nituen iraultzaile gehienek nahiago dute hauteskundeetan kosta-ahala kosta parte hartzea. Beraientzat ere terrorea errore bat besterik ez da, besteen errorea, noski. Ez zaie ardurarik nabaritzen, iraultza, autodeterminazioa eta sozialismoa eskura bezala jarri zizkiguten artikulu eta idatzien harira. Antza denez, alferrik da hitz egitea eta inor gutxiri inporta zaio ordezkatu gabe gobernatzea, demokraten artean.
Beste batzuontzat, berriz, antza denez, haientzat bakarrik, ezinbestekoa da hitz egitea. Ez-demokratei, ordea, 43 urteko emakumeoi bezala, zera gertatzen zaie: azkenean beraiek bakarrik dirudite nahi ez dutenekin egotera behartuak.
Jesus Mari Larrazabalek arrazoi zuen azken ARGIAn, diskurtso politikoan arrazionaltasuna galdu dela dioenean. Izan ote da sekula arrazionaltasunik diskurtso politikoan? Balitz, horrenbeste errepikatuko ote litzateke diskurtsoa, loditu eta solidotu arte?
Eta, okerragoa dena, ni orain arte, konturatzeke.... 43 urte bete behar eta inozente hau... askorentzat bakea hitz bat besterik ez dela, eta beraz, asko bakeaz ari garenean, hitz batetaz bakarrik diharduela hainbatek! Alaba kantuan ari da Antton Irustaren liburutik:
«Itsuak ikusi du
Etxea erretzen,
Hanka-motzak badaki
Bideak korritzen.
Mutua deiadarka
jendeari deitzen
gorra ere han zegoen
guztiak aditzen»
Ni izango nintzen gorra... amak aspaldian kantatzen baitzigun kantua. Kantuarekin arrazionaltasun ezak terrorea areagotzen dit. Beste errore bat, ziurrenera; bizitzearen opariak ahaztu araziko ez didana... ziurrago.
Tere Irastortza