HABERena ere bai, HABErena ere 25.urteurren ospakizuna da. Aurretixe Euskal Idazleen Elkartearena, eta EITBrena, esate batera. Bakoitzak bere estiloan, bere neurrian.
Gu ere, gazte sentimental haietakoak, hamazazpi urte izateari utziz urrats bat haratago eman behar zenetik, erakundetzen hasi zen herri baten ospakizunen urtera iritsiak gara.
Egia da berrogei urte bete dituzten erakunde asko ere badirela, hainbat eta hainbat Ikastola , aurretik euskalduntzen ari ziren erakunde eta euskaltegiak, , aurretik euskara erabiltzen zuten irratiak. Hor da Eusko Ikaskuntza ere, aurten 90. urte betetzen. Beajeondigula !
Kasu batzuetan ete besteetan sentimental jartzen garenean ematen du bide luze bat egin dugula.Euskaraz ikastea normala da, euskaraz idaztea normala da, euskaraz telebista ikustea normala da, euskaraz irratia entzutea normala da. Alegia, aukera dezakegu beste aukera askoren artean euskaraz aritzea, aukera indibiduala denean, norbanakoarena denean. Horrenbeste eta honenbestez, nork esango zigun eta nola sinetsiko zuten gure aurrekoek ? Beraz, egin dezagun topa, adiskideok.Katzue ardo on bat.
Ardo ona…ño! 25 urte baino gutxiago behar ditu ezpainetatik burura…25 segundu ere ez , batzuetan, ezpainetatik bihotzera.
Baina sentimental jarri beharrean gaztetzen garenean etortzen zaigu akordura bazela Z.E.N. Plan bat, 1983an onartua ta zera… 1987an Katalunia eta Euskal Erkidegoko parlamentuek helegin eta Epaitegi Konstituzionalak neurri batean inkonstituzional deklaratu behar izan zuen eta hala ere… atalaez-atal betezen ari dena.
Kasu batzuetan, sentimental jartzen garenean ematen du bide luze bat egin dugula. |
Eta 17 urteko gaztetasunaren indarrarekin igartzen diot inork ez duela ospatzen Z.E.N. Plan hura…, agian –diot- denean betetzen ari delako, atalez atal, bere legez kanpokototasunean ere. Katzue beste ardo tragoxka bat. Bihotz erre hau… Katzue tragoxka bat, mingosten ari naiz eta.
Ardo honek burura ere egin egingo zidan, ikusten ari bainaiz ospakizun hauetako batean … gure politiko euskaltzale batzuk legeak bete gabe edo legeztatua ez dagoen Plan bat bururatzeko konspiratzen.
Zera… euskara eskubide pertsonal izatetik Euskal Herriaren eskubide izan bitarteko Plana omen da ! Etorri zait burura… denok ados jarri arte altxatuko ez balira, Ajuria-eneakoa hartan bezala….
Baina ez , Ajuaria-Eneatik oraindik ez dira hogei urte baizik bete, baina ez… euskara euskaldunon auzia bakarrik ei da, eta ez Euskal Herrikoa. Baina ez…ardoa ere ez zen Nafarrokoa, ez zen Getarikoa, ez zen Irulegikoa… Ez bada Errioxakoa edo Bordelekoa !
Eh… ken iezadazue ardo hau ezpainetatik … bese 25 urte aski izango ahal dira eskubideak bete ahala ospatu beharrik ez izateko, biziko ahal gara ezagutzeko!
Tere Irastortza