Euria ari du, Teleberrin esan arte ez zait iruditu hau udazkeneko uda denik... eta, behingoz, Euskadi Tropikaletik berriro gure gazte garaiko udara iritsia nintzelakoan egon naiz, nola euriak dena isiltzen duen adi-adi. Ari du eta euri-zirzira honekin egonerako jartzen da bat. Isiltasunak infinituraino garamatza, tarteka, minutuko zelai batean pausatu nahi duten tantak kontaezin direla irudikatze hutsarekin. Tanta bakoitza, kristalean behera, oroitzapen bat bustiz. Giraldan gora egin genuenekoa, bat.
Trantsituan behera egin ahala, eskuinean Giralda egiteko langileek erabilitako lanabesak zeuden: tresnak, harria garraiatzeko txirrikak, mailu eta mazoak. Tiriki trauki trauki mailuaren hotsa etorri zitzaidan burura. Alderdi fonetikoa haurren jolaserako bezala utzi ohi dugun memoria antzututa ez dagoen seinale.
Eta pentsatu nuen, orduan, zein izango ote zen Giraldako langileek eguna joan eta eguna etorri belarrietan izango zuten soinua: tiriki trauki trauki, tiriki trauki trauki mailuaren hotsa. Nola sentitzen ote zuten infinitua segundo eta minutu monotono haien konpasean?
Zer-nolako garrantzia izan zezakeen denboraren deskonposizio hark eternitate-angustiak irudikatzeko, zeren eta, ez gaitezen engaina: eternala ederra da patxadazkoa denean, denbora mamitua denean. Eta, aldi berean, eternala infernua da deskonposatu eta beti errepikatutako denbora denean.
Eta, hala ari nintzela, herriko misioei buruz kontatzen dutena ekarri dit burura aurreko tantak harrapatu duen beste batek. Nola -Giralda kristauen katedrala zen ordurako omen zioten fraideek misioetan: «Zer da eternitatea? Zaldibiako eliza goraino gari alez bete eta Jainkoak txori bat eliza aleka-aleka hustera bidaliko balu, bere bizi guztia horretara emanda ere ez luke txoriak eliza hustuko. Horixe da eternitatea, bakarka, txori errariak bezala, etengabe egin behar den, jasan behar den, lana». Beti beldurraren hitz bilakatuko zen; Betiko beldurraren hitz mehatxatzaile.
Pazientzia landare bat omen da,zuztar luzeak eta hosto dirdiratsuak dituena |
Eraman errazenetakoa da, niretzat, arratsalde hau: kristalean geratu dira euri tanten arrastoak, eta tantak leiho ertzetan. Pazientzia landare bat omen da, zuztar luzeak eta hosto dirdiratsuak dituena. Pazientziari egonarri esaten diogu. Egonarria, alegia -diot, nire artean-, aritu eta aritu eta beti egonean, beti berdin, ikusten den harria eta hala ere zizelkatu behar dena, hola ere puskatu behar dena, hala ere landu behar dena, izan daiteke.
Aritu eta aritu, zertarakorik gabe baldin bada, ernegazioa, infernua, beti geroko ez dakigun zerbaitetan aritzearen infernua, pazientziaren aulkian edo itsasontzietako errunean, toldetakoan, tostetakoan... non arraunlariek arraun egiteaz gain laidoak pairatu behar zituzten: jasan egin behar eramanezinak, ezinbesteko euri-jasa bailiran.
Edo aritu eta aritu, lurra gizentzen, lurra berdetzen, hala delakoan... egiten dena geratuko delakoan; geratzen dena artea, harmonia, edertasuna izan daitekeelakoan.
Euria aritu du, kasik atertu gabe, eta gaueko Teleberrik arratsaldeko hitzak eta irudiak errepikatu ditu eta irudiak ez dira telebistako kristalean geratu, beste kristal bat ezartzen dute euriaren eta nire artean: aurreikuspenen kristalak zartatzen du, hainbatetan, edertasuna.
Tere Irastortza