J.M. Bidadorren Dantzaren Erreforma Euskal Herrian irakurtzen ari nintzen, burura etorri zaidanean euskal literatura XX. mendera bitarte (baita XX. mendean ere, hein handi batean) ohitura eta moralaren erre- forman tematutako literatura izan dela, ehuneko ehunean.
Euskal moralaren eta usadioen erreformak ere erabili izan ditu konbentzitzeko saioa -sermoia edo liburua- eta zigorra eta arestian aipatutako liburuan horren berri ematen duten ia dokumentu guztiak batera bildurik datoz.
Azken berrogei urteetako euskal letren bilakaerari begiratuta, batek pentsa dezake zama moralista hori galdua duela gure literaturak. Izan ere, aspaldian galdu zuten idazle apaizek beren gehiengoa; aspaldian utzi zion erlijio kutsua zuen liburugintzak gehiengo izateari.
Baina euskal letren sistema osatzen duten beste atal batzuei begiratuz gero, liburuen idazketa eta irakurketaren arrazoibideak aztertuz gero, beste itxura bat hartzen diot gure letren egoerari. Gatozen euskal literaturari buruz gehien irakurtzen den atal bat arakatzera: zutabe, elkarrizketa, hitzaurre, liburu iruzkin eta blogetara, guztiotan egosten baita euskal letren erreforma beharra. Horietan guztietan, oraindik ere, liburu bat idazten hasi aurretik edo idatzi ostean, liburu bat aurkezten den bakoitzean, euskal letren erreformari buruzko sermoi kutsuko diskurtsoak gailentzen dira. Ments gara beti; euskal literaturari falta omen zaiona betetzen saiatzen gara, lehen bezala orain: literatura erotikoa, polizia-nobela, narratiba, umore kutsuko literatura eta ironikoa... Hutsuneak betetzen eta betelanak egiten, hein batean.
Eza. Badirudi patuak halaxe ezarri zuela bere araua, euskal literatura modernizatzera etorri zen lehen liburuari bidea irekiz. Hala gogorarazi du, berriro, Txillardegik. Txillardegik, bere Leturiaren Egunkari ezkutuaren argitalpenaren berrogeita hamargarren urtean, errepikatu berri du Mitxelenak esan ziola ez itzulpenean hasteko, euskal letretan sorlana zela behar zena, eta, hain zuzen ere, nobela bat. Txillardegik irekitzen duen literatura modernorako jauzi hori bideratu duen geziak, baina, ez du indarrik galdu: euskal literaturari falta omen zaion puntura zuzentzen du bere indarra oraindik ere.
Badirudi euskal literaturak <<ez duen hori>> azpimarratuz abiatzen dela euskal letren erreforma |
Badirudi euskal literaturak «ez duen hori» azpimarratuz abiatzen dela euskal letren erreforma. Badirudi, gainera, euskal literaturak ez duen guztia duena baino askozaz ere nabarmengarriago dela. Are eta gehiago, dirudienez, aski erraza da «ez duen hori» ezagutzea, euskal literatura irakurri gabe ere, eta aski da kanpoko parametroei begiratzea, neurria egoki jarrita dagoela sinesteko. Kanpoko literaturek zergatik ari naiz pluralean, euskaraz irakurtzen ez den gehiena gazteleraz irakurtzen bada?- eragiten diote, beraz, gezi-igarle mirakulutsu horri. Normalak izan behar dugu, mendez mende erreformatu nahi izan gaituztenek aldarrikatu duten moduan. Normalak esan nahi du, behar bezalakoak; funtsean, esanekoak, goitik ez bada kanpotik ezarritako irizpideak barneratuak ditugunak.
Beldur nahiz, ordea, gezi-igarle horrek lur hartu ez izanaren arrazoia euskal literaturen bihotzean sartu izana izatea. Eta horrexegatik, normaltasun egarri dei dezakegun indar eragile horrek beldur ematen dit, beldur handia. Bihotz indartsua du euskal literaturak, eta odolustu arte aurrera egiteko kemena ere bai... inolaz ere. Kontua da gure bihotzak gure gorputzari -gure korpusari- eragin behar dion, ala denega egin arte, odolustu arte, tematu behar den euskal literatura euskal letren erreformari eusten.
Ni maite nahi gaituzten irakurleen bila dabilen literaturaren aldekoago naiz, aukeran.
Tere Irastortza