Belaunaldien gurpilean: ikuspegi konparatzailearen ajeak
Estimatzen ez duguna existituko ez balitz bezala jardun izanaren ondorio asko pairatu izan ditu euskal literaturak —eta pairatzen—. Barkatuko dit irakurleak 1888ko egun batetik hasten banaiz, baina iruditzen zait egungo gurpilen kirrinkaz baino errazago ari nintekeela ordukoaren oihartzunez.
1888. Hiru gizon bakarka
1888an Sabino Arana, Resurreccion Ma Azkue eta Miguel Unamuno aurkeztu ziren euskara irakasteko katedrarako lehiaketara. Hirurak adin beretsukoak ziren, hiru rek bizi zuten gudu karlisten amaiera, eta hirurak aurkeztu ziren katedrarako lehiaketara. Baina katedra bakarrak irabazi zuen, eta hirurek ez zuten bat egin euskararen eta Euskal Herriaren auzian. Hirurek bide arras ezberdinak jorratu zituzten, nahiz eta oinarrian gabezia berberak kezkatu, hirurak euskarari falta zitzaionaz kontziente ziren.
Unamunoren bidea euskal literatura eta espainiarra alderatzea izan zen, eta baita euskal literatura eta linguistikako azterketen ikuspegi zientifikoa ematea ere. Horretaz, hiru lan ezagutzen zaizkio «Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca», 1884an Madrilen doktorego tesi gisara irakurria, «Espíritu de la raza vasca», 1887an Bilboko El Sitio-n emandako hitzaldia, eta «Alma Vasca», 1904an argitaratutako artikulutxua (Unamuno, M., La raza vasca y el vascuente. En torno a la lengua española, Madril, Espasa-Calpe, 1974). Unamunoren jarreraz euskal letretan asko eztabaidatu denez, puntu bakarra azpimarratu nahi dut, alegia, zertaraino Unamuno gauza konkretuei egindako kritika askotan oso zorrotza eta zuhurra den arren, «euskal arima» eta «euskal» kutsua duen teoria orotan arras endredatuta ibili zen, harik eta euskal arraza eta arimak albora utzi eta Espainiako arraza, kultura eta hizkuntzaz endredatu zen arte.
Eta beste hainbeste gauzatan hain distiratsua zen Unamunok hanka eder sartu zuen, ziurrenera, berak «sintetikoa» deitzen zuen inteligentzia hura urrutiegi eramanez (aip. ob., 64. or.), euskarari buruz eta euskal arimari buruz aritu zenean. Ez inolaz euskal literaturaz edo linguistikaz gutxi zekielako, baizik eta berak kultu eta herrikoiaz zeukan ikuspegia arras darwinista eta indibidualista
zelako. Kasurako:
Esta repartición equitativa de las facultades intelectuales prueba la tesis que sostengo, que somos un pueblo primitivo recién salido de la tosquedad prístina, que acabamos de dejar por los encantos de la civilización los pechos de la naturaleza.
Hay un hecho, señores, que distingue grandemente a los salvajes y los pueblos primitivos de los amansados en la cultura y que llevan la civilización en las venas. La diferencia de la capacidad relativa del cráneo de la mujer al del hombre es mayor en los pueblos civilizados que en los que no están; entre los salvajes, la mujer es tan inteligente como el hombre; entre los cultos, la diferenciación se ha operado, y mientras el hombre llega a la edad adulta, la mujer apenas pasa de la infancia. (aip. ob., 60. or.; 23 urte zituela Bilbon emandako hitzaldia)
Nik dakidala goian aipatutako artikuluez gain ez zuen gehiago idatzi Miguel Unamunok euskal hizkuntza eta literaturaz, edota euskal arima eta arrazaz. Baina iritzi hauek, gure artean, bere beste obrek adinako oihartzuna izan dute, eta, Miguel Unamuno literaturgile ona izan eta pentsalari ospatua izan denez, berak euskararen kontrako jarrera hori hartu izana kaltegarria izan zen euskal literatura eta euskararentzat; eta orain 1888 urrun hura, petrolio-orbaina bezain likits eta gerakor bistaratzen da gure kostaldetik.
Miguel Unamuno bezala Sabino Arana ere euskararen ezintasunak kezkatu zuen. Bera ere oso gizon ikasia zen, Unamuno eta Azkue bezala. Etimologiaz, gramatikaz eta ortografiaz eman zituen urratsak jarraitzaile asko bildu zituen. Hasi zenetik etsi gabe aritu zen lan horretan, eta bere iritzi konkretuek babes handia lortu zuten, bere iritziak zabaltzeko bideak jarri zituelako. Euskara arrunta ez zen garbia eta garbia ez zena ez zitekeen kultua, bere iritzian. Beraz, euskal literaturaren tradizio apurra deuseztatzera jo zuen. Eta, beste adibide askoren artean, har dezakegu 1901ean idatzi zuen «Análisis y corrección del Pater Noster, del euskera usual».
Sabino Arana iraultzaile sutsua izan zen, eta ordura arteko joerak gailentzeko teorizatu zuen (bere ikasketekin oso lotutako ondorioak atereaz), horretarako, hori bai, aldez aurretik egindakoari buruzko gutxiespen kategorikoa oinarrituz. Berak markatutako ildoek izugarrizko indarra izan zuten euskal literaturan, eta, egia esan behar bada, bere ausardia eta inozentzian, neologismoak sortzeko lehia lilurakor hartan, sormen handiko ahalegina galdu zen bidean. Literatura berrizale eta garbitzaileak, gainditu zenerako, euskal prosagile modernoen lexiko eta sintaxi bideak arras zurrundurik utzi zituen ondare. Hala ere, eragin zuen marea biziak utzi ditu gure hondartzetan izendegiarekiko eta euskararen balio sinbolikoarekiko kezkak, Sabino Aranak gure zauriek behar zuten ukendua bilatzen ere asmatu zuelako nonbait, Sabino Aranak behar genuen mitologia epikoa sortu zuelako ez bada.
1888an katedrarako lehian elkarrekin topo egin zuten hiru gizon handi haietatik, komunikabideen gestoreek aurreko biak hautatu dituzte. Komunikabide horiek egiten duten irakurketan, sarri tesi eta antitesi bezala erakusten zaizkigu, eta bada nabarmengarri, arrazaz hitz eginarazten zaienean, Sabino Arana bakarrik hautatzen dutela, Miguel Unamunoren diskurtsoetan dauden adibideak sekula aipatu gabe.
Resurreccion Mª Azkue: hiru garren gizona
Luis Villasante bezalako jarraitzaile sutsurik izan badu ere , gutxitan aipatu izan da gure artean Resurreccion Mª Azkueren lan neurrigabea. Aurreko biekin alderatuta bera izango da bere ikerketa-lanen teorizazioen bidez euskal arima eta a rraza gutxien aipatu dituena. Adibide bakar bat emateagatik, bere hiztegiari egindako hitzaurrean (hogeita hamazazpi orri frantses/gaztelaniaz) ez du sekula euskal arima edo
euskal arraza aipatu ere egiten, eta hizkuntzalariaren ikuspegiak oinarritzen du hitzen jatorriari buruzko hausnarketa (arkaismoez, barbarismoez eta neologismoez hitz eginez). Unamuno eta Aranak etimologiarekiko zuten joerari horrelako ezer ez kontrajartzeak, teoriekiko beste distantzia bat erakusten du R.Mª Azkue lexikologoaren jokaeran.
Nire kolkorako irizten diot, Miguel Unamuno eta Sabino Aranak ez bezala Resurreccion Mª Azkuek ez zuela euskal arimaren beharrik izango, euskal gorputza zatar iruditzen ez bazitzaion, apika, euskararen herria, euskalduna gertu-gertu eduki zuelako, eguneroko euskararen presentzia onartu zuelako, euskal testuetatik abiatuta aritu zelako, euskal hizkuntza eta literatura, zena, bultzatu nahi izan zuelako.
Bere ekintzetatik deduzitzen dut Resurreccion Mª Azkue ere kontziente zela euskal kulturaren, euskal hizkuntzaren, egoeraren ahultasunaz. Baina kasu honetan hizkuntzarekiko eta kulturarekiko egoera hori gainditzeko modu egokiena hautatu zuelakoan nago. Bere kasuan, Orixek emandako izenari —«Euskara onaren iturri»— beste bat ere eman dakioke: euskararen langile nekagaitz, hartaraino non bere pentsamendu guztia ekimen eta ekintza izan zen: dela hainbestek gauero-gauero irakurri dugun bere hiztegia, bere morfologia, edo hizkuntza bitan argitara emandako gramatika —aski ezezaguna— edota Euskalerriaren Yakintza; dela bere literatur lanak (aski ahaztuak); dela Euskaltzaindia eta euskarazko ikastolak sortzeko ekimenak.
Ezpairik gabe bere lana izan da euskal literatura eta euskal kultura suspertzeko biderik baliagarriena, nahiz eta badirudien, belaunaldien gurpilean, euskaldun askok ere ahaztu dutena, erdal komunikabideetan R.Mª Azkue interesgarria izan ez delako —ziurrenera bere pentsamendua ekimen bilakatu zelako, eta bere hitzetatik trufarik sor ez daitekeelako, esaten dutenagatik, arras umoretsu eta ironikoa bazen ere—.
2002. Hitzen gurpila kirrinka liburuen gurpilean
Ezagutzen ez duguna existituko ez balitz bezala bizitzearen ondorio asko jasan ditu euskal literaturak. Garbi esan daiteke, 1960ko hamarkadan Luis Villasante eta Koldo Mitxelenaren literatur historiak idatzi ez ziren bitartean zail zela hegoaldean euskal literaturaren haririk irudikatzea ere. Ez nuke horrenbeste esango Iparraldeko eta Nafarroako idazleez, zeren eta bertakoek askoz ere lotura handiagoa izan baitzuten bere tradizioarekin, Laurent Apesteguy, Manezaundi edo Larreko gogoratu hutsez frogatuta geratzen denez.
Harrez gero, euskal literatura zen ala ez zen eztabaidatzeari utzi eta, poliki-poliki, euskal literaturak bere historia osatzeko aurreneko urratsak eman ditu. Batetik, literatura idatzi du, eta bestetik, euskal literatura euskarazko liburugintzatik bereizi ahal izan dugula esan dezakegu, horren beste urt e ren buruan. Aurrekari hauen ondorioz, nabarmen da euskal literaturan sekula baino idazle gehiago ari dela lanean, adin guztietakoak, eta sorkuntza genero guztietan.
Euskal literatur liburuek historia bat osa dezaten, ordea, irakurlego batek hautapen prozesua egin eta berregin behar du; euskal idazleek euskal literaturan ere sustraitzen den errotze-lana finkatu behar dute. Eta horretantxe gabiltza herren —baldin bagabiltza—.
Euskaraz idazten den guztia irakurri ezinak aztoratu egin du nonbait euskal irakurlegoa. Badirudi kritika bila dabilela, prentsan irakurtzen dugunagatik, eta asko eta maiz aipatzen da kritikaren beharra gure artean.
Baina oro k o rrean egiten den kritika irakurri, egiten ez den kritika igurikatzen duen saio-generoa indar hartzen ari delakoan nago. Alegia, euskal literaturaren gabeziaz maizago ari zaigula euskal kritika, gurean dugun literaturaren eduki eta formez baino.
Eta joera horrek badu zerikusia arestian 1888ko data aitzakia hartuta egin dudan hausnarketarekin. Izan ere ,
jomuga kontrajarrietara iritsi baziren ere, Sabino Arana eta Unamuno konparatistak baitziren. Konparatistak eta esentzialistak.
Gaur egun, hain zuzen ere, euskal literaturak bere autonomia erdietsi duenean —eta beraz bere modernotasuna—, ez denean euskal liburugintzaren historiatik bereiziezin den fruitua, erdal literaturarekiko menpekotasunera hurbiltzen ari da, «normalitate» kontzeptuaren babesean.
Baina normalitate hori ez du literaturak ezartzen, komunikabideek ezpere. Iruditzen zait ez ote dagokion bere tradizioa babestu, irauli, itzuli edo apurtzeko joerari. Ez ote duen komunikabideetan gailentzen den kritikak euskal kultura, euskal literatura edota euskal folkloretik ihes egitera bideratzen, mundializatzeko aitzakia honekin, horren europar izan behar honekin hain anglosaxoniar bihurtuz . Eta beldur naiz ez ote garen, geure irakurketa gabeko irakurzaletasunaren bidez, euskal kultura eta literaturarekin gure mundualdia sortzen bainoago, beste batzuetan normala dena euskaraz jartzen ari. Alegia, gaia emanda idazten dugula, kritika egiten dugunean ere. Eta are okerrago , baita sortzeko orduan ere.
Beldur naiz, beraz, egunen gurpilean, datorrena datorren bezala jasoz eta itzuliz ez ote dugun bigarren irakurketaren gaineko irakurketa mota bat elikatuko; ez ote den gauza izango irakurri gabeaz mintzarazteko, eta ez ote duen hitzen gurpila abiaraziz literatur historiaren bidean zangalatrau eginaraziko.
Tere Irastortza