“ Jaunak esana “ ziotenan amaieran mezetako irakurtzaileek. Eta hala entzun ninan nik aurrena Jaun haren hitza. Gero Itun Berriko ebanjelioak eta gutunak zirela jakin ninan, baina beti halako ahozkotasun baten xera geratu zaien parabola eder eta esanguratsu haiei. Gerora, Itun Berriak Itun Zaharra eskatzen zuela eta Biblia irakurtzen hasi nindunan. Eta hartara, esan zezakeanat, etengabe irakurri dudala Bilbia edota zehatzago esateko , etengabe ihardun naizela Bibliako liburuak irakurtzen. Irakurri ditinat bada, liburuok, sinistun nintzela eta sinisgabe izanda, baina sinistu-guran ere beti. Hartaraino non Duvoisinen itzulpenak eta Orixeren Salmo eta Meza bezperak gertu gertu (izan) ditudan beti.
Urteen poderioan , beste gauza askoren artean, honetaz jabetu naun . Eliz-giroan hazitako azken belaunaldietakoak izango gaitun , again, baina Biblia irakurtzen hasi nindunanean uste ninan aski ezagutzen nuela. Ezagutuko ez nuen bada Paradisoan Jainkoak Adan egin zuenekoa, Cainek Abel hil zuenekoa, Moises urtetatik atera zutenekoa, Egiptoko ihesaldiarena, Joben nekean, Abrahamen holokaustoa….
Egia esan, esku artean erabilita neukan arren, ez zionat hainbesteko jarraipenik egin Elizen Arteko Bibliari . Oraingoan, gainera, ikasleei argibide batzuk eta eman alde , sarrerak eta irakurri ditinat tentu handiagoz, eta “ Bibliari Sarrera Orokorreko” atal bat gertatu zaidan deigarri. Han diotenaz “ Bibliaren irakurketa egiteko hiru baldintza bete behar dira “ Eta hauek ditun : aztertzen ahalegindu, gogo-bihotzak ireki eta aplikazio ariketa egin.
Tere Irastortza