Akordatzeko esan didan, akordatzeko hi horrela hagoenetan esaten dizkinadan hitzekin. Eta akordatua nengonan, ordurako ; eta akordatzeaz bat jakin dinat halaxe direla, eta lasaitu egin naun . Akordatu naun behin eta berriz bizitzak begien aurrean jarri dizkidala : aita-amak, lagunek… maite ( izan) gaituztenek esanda. Akordatu naun , atzera-aurrera, aditu ditudala asko , eta irakurri eta sinetsi ditudala beste asko, liburuetatik jasota, gehienetan, sarri, gainera, nork maitatua ez zutenek edota inork maite izatea onartzen ez zekitenek idatzirik.
Akordatzeko esan izana gogoratzen dudan bezala, hurrengo goiz honetan , ontziak sutan ditudan bitartean, eta mahai gainean, Lardizabalen Testamentu zar ta berrico condaira, askatasunari buruz idatzi nahi dudan zutabera iritsi ezin naizen honetan.
Akordatzeko esan didan eta bidean ere akordatzen etorria nindunan. Ondo bidez gure aurrekoek eta gure adiskideek eta medikuek eta gizarteak erakutsitakoa : Umeak indartzeko jan egin behar du, aurrena . Gazteek lan egiteko gogortu egin behar dute, urrena. Kristauak, beretik bizitzeko, lan egin behar du. Beretik sortu bizitzeko… eta horrelakoak.
Eta nekearen nekez zetozen malkoak xukatu bitartean pentsatua ninan ez ote zidaten erakutsi ezintasunari aurre egin ostean, badela aurre egiten jarraitu beharrean beste aukera bat ere,ez ote ninan entzun negar egin behar zela , negar ere egin daitekeela eta ezintasunak gainditu ostean eman dakiokeela norbere buruari negar-zotinka lehertzeko libertatea, baimena, askatasuna.
Eta akordatu naun esan izan dinadala batzuk -- edo gutakoak -- negar egiteko moduan gaudenean ez gaudela gaizki, negarra mila zokotan gorde eta aurre egindakoan egon izan dela hainbat –eta gutakoak -- hainbatetan okerrago.
Eta hik akordatzeko esan izana gogoratu hutsarekin askatu naun… eta ez horrenbeste akordatutako inolako hitzekin . Orain ,berriz, etorri ditun nire begiak Lardizabalen Testamentura non Herodoes eta gañerakoen aurrean txit askatasun andiarekin dantzatu zan hura bezala sentitu dudan askatasunaz idazteko ere aurrena gizakiak lotuneak sentitu ohi dituela malko gazietan urtu beharreko, eta… edo…
Zeren gizonak libertatea nahi badu ongi eta nahi badu gaizki egiteko izanagatik ere, ezta ez handik segitzen, bai bekhatuak libreki eta bere nahiz egiten dituela, baina ez nahi duen bezanbat bekhatu egin dezakeiela, eta ez libertate hari nahi duen bezenbat, iraun arazi ahal diazaiola. Zeren libertate haren gaiñeko eta nabusi da Iainkoa.
Tere Irastortza