Zer da euskal literatura edo Durangotik azokara
Urtekari batean eta euskal literaturaz argi egiteko asmoz jartzen naiz ordenagailu aurrean. Aurretik, egun askotan hartu ditut oharrak, goiz askotan nola hasi erabaki ezinda ibili naiz eta amaierarako utzi dut hasiera-kontua. Baina eskari honek ere bazuen bere galdera eta egiten dut ene artean : zer da euskal literatura , enegarrenez saiatzeko bezain definikaitza, antza, zertan izan da euskal literatura 2007an, abenduaren bederatzian esan dezakedanaren arabera.
Eta Durangoko Azokatik hamahiru liburu, hiru katalogo eta bost zorrorekin iritsi ondoren esan dezakedana, zera da, kasu honetan , euskal literatura nire apaletara iritsi dena da , niretzat; alegia, 2007an nire apaletara iritsi dena, 2007an irakurri dudana, 2007an gogaide gertatu zaidana, 2007an lerro artean ere irakurri dudana, 2007an irakurri eta bizi izandako beste pasadizo eta gertaerekin batera.
Argitasun hori nire barrua apur bat lasaitze aldera egiten dut. Orixek bere garaian hogeita hamar orri inguruko artikulu batean eman ahal izan zuen euskal literatura klasikoari buruzko bere iritzia, ziurrenera, liburu guztiak arretaz irakurrita idatzi den euskal literatura historia bakarra izango da.
Baina denborak aurrera egin du eta orain, urtean urtean argitaratzen den liburu tamaina hainbeste hazi da non, ezinezkoa den , aldi berean, liburu guztiak irakurtzea eta horien berri ematea, beste zereginik gabe bizi izanda ere. Zilegi bekit , hala ere, euskal literaturaz apur bat hitz egitea, baina ez eta, sikiera, argitaratu den guztiaren berri duen baten ikuspegitik, bistan denez , ez baitut inolaz ere, guzti horren berririk, baizik eta, kontrara, guztiaren berri ez duen baten ikuspegitik .
Baina aitortzea delitu ez bada, azoketara joan ohi da auzoen berri jakitera ere , eta baita norbere bakartasuna disimulatzera ere, eta baita auzoekin eta lagunekin maite dugunaz aritzera ere, Durangon, esate batera, euskal disko eta liburuez mintzatzera .
Lehen agindua bere urratuarekin edo nola maite daitekeen euskal literatura gauza guztien gainetik
Eta Durangoko Azokatik ekarritako hamaika liburu, hiru katalogo eta bost liburuak , oraindik apaletara gabe, mahai gainean ditudanean eta gainbegiratu besterik egin ez ditudan honetan, lagungarri daukat ARGIAko Sarea-ko kideek bidalitako ehunka orritako euskal kulturaren kronika.
Aurreko batean, kronika horiek inprimatze hutsarekin igarri nion zenbat idatzi den euskal literaturaren inguruan. Orain berrogei urte euskara batuaren eta euskalkien arteko urraketak sortutako iritzi-erauntsia, edota euskararen egoera eta normalizatu beharrak orain hogei urte sortutako iritzi eman beharraren parera ari da iristen euskal literatuz iharduteko beharra.
Ez dakit kulturaren beste alorretan hainbesteko ihardun beharrik dagoen, ezta literaturaz aritzeko erabilitako paper guztiaren alboetan gorriz idatzitako ohar guztiak, bazterretan idatzi diren hitz guztiak ere zentzuzkoak diren, baina , bai, esan dezaket, euskal literaturaz esan denak euskal literaturak adina iritzi sortu duela bazterretan.
Horren zergatiaz kezkatuta, pentsatu izan dut batzuetan euskal literaturak ere , kultur adierazpen askok bezala, balio magiko bat duela euskal komunitatearentzat, eta gainera, berezkotzat hartzen den balio magikoa duela . Eta lotu izan dut hau Bourdieuk zioenarekin , alegia, artea eta kultura, mendebaldeko gizarte modernoetan sakratuaren azken adierazpide bilakatuak direla deritzon ustearekin . Horretarako, aurrena artea eta kultura, hartu, esanezinaren adierazpide gisara hartzen bide ditu gizarteak , eta arteak bideak egiten ditu egunerokotasunaren baldintzetatik haratago agertzeko , hain zuzen ere, egunerokotasunari zentzua emateko asmoarekin.
Soziolinguistikaren erakutsiekin ere bat egiten du ikuspegi honek, eta izatekotan inon egia bada, hala dirudi euskal munduan. Izan ere, gure artean halako balio erantsi molde bat ezartzen baitzaio “ euskal “ hitza funts-tzat hartzen duten hainbat kultur molderi. Eta euskal literaturari azken gradua ezartzen zaiola esan beharko genuke, euskal orrietan euskal aferaren inguruan euskal literatura auzitara zenbatetan eramaten den aztertuta .
Hala ere, aitor dezadan, ez nuen sekula pentsatuko ,arteak eta euskal lliteraturak , sakratu izan nahi horretan, hainbeste jainko beharko zuenik. Kontrara, egon naiz sinetsia , aspaldi Amaia Lasak idatzi zuen bezala Jainko guztiak ukatzen dituen emakume izaki, sakratuaren zentzu gizakoi baten bideak ireki zitezkeela artearekin eta ez zegokeela espaziorik jainko gehiagotarako . Baina urte batzuetan euskal literatura sutsuki maitatzeak belaunaldi artera ekarritako tirabirak ikusita, iruditzen zait Lasaren ahotsa ere desertuan predikatzen duen profetarena bihurtu dela.
Halakoetan, kontsolamendurako, pentsatzen dut akatsa gure mendebaldeko mentalitatean monoteismoak utzi duen arrastoan sortua izango dela. Izan ere, gure arteko aurreiritzi batek badio Jainkoa gauza guztien gainetik maite behar dela , badirudi, orduan, ulertu behar dela Jainkoa gauza guztien kontra bakarrik maite daitekeela . Eta horren kariaz, monoteismoa monotemismo bihurturik, euskal literaturaren alde egoteak berekin ekar lezake beste edozein gauzaren aurka egoteko joera, edo egiten den ia gehiena ez kontutan hartzeko joera.
Eta hara nola, hainbatetan, transfiguratzeko aski den mahai bat, aldaretzat erabil daitekeen edozein mahai zahar . Supituki gerta liteke transfiguratze kontua , di-da batean gauzatu ere egiten da batzuetan eta jo dezagun, bat izan daitekeela idazteko orduan mahaia gobernatzen duen morroi eta mirabe, eta liburua ixten duenean, mahai gainera igo, eta jainko—barkatu, Jaungoiko -- delakoan aritu, dagoenari begiratu gabe kontrolatzeko moduak egin eta dena irakurri gabe ere dena jakiteko moduaren jabe balitz bezala .
Joera horrek eragiten du, orduan, paradoxikoki, irakurri beharrik gabe asetzen den ezaupide-molde bat : denen ezaupide izatea, dena ikusi ahal izatea… ezer dastatu gabe ere. Hizki larrien lilurapean bizi den literatura bat maitatzeak sortutako askiespen bat . Hizki larrian trebatu nahiak letra xehea gutxiestera behartuko balu bezala.
Baina ez… nik ere ez nuen , antza denez, letra xehea erabat irakurri eta ez nion behar adinako garrantzirik eman Bourdieuk “ Egitura eta aldaketa : barne liskarrak eta etengabeko iraultza “ atalean zioenari. Bere iritzian, izateko bereizketa nabarmendu behar den alor batean, hots, izatea bereiztea den alor batean eta beraz kokaleku ezberdin eta ezberdintzaile bat eskatzen duen alor batean ( artean ) berezko kapitalik ez dutenek sortu ohi dute kalapita; alegia, gazteei dagokie zaharren egonlekuak astintzea… eta behar bada, ezinbestean ere hala beharko du kokaturik daudenak, atezuan jarrita abegi egin beharrean , eraso egiten badute. Aldaketek ez dute inolako berregituraketa eta iraultzarik sortzen halakoetan, ene iritzian, txandatze prozesu bati baino ez dagozkio. Bourdieuren iritzian, garbi esanda, ortodoxo/heterodoxo, zahar/berri, menperatzaile/menperatu, kontsakratu/iritsi berrien arteko harremanetan norbera bere lekuan kokatzeko burututako liskar baten lekukotza besterik ez dute ematen.
Baina, natorren gure artera, natorren kroniken lerro artean irakurritako auzi eta liskarrek , euskaraz idatzi diren orrien bazterretan, tinta gorriz idatzitako oharretara. Liburuekiko oso estimazio gutxi antzematen da, maiz antzean.
Guztiarekin, gure alorrean ere, bada euskal liburuen aipamen eta irakurketarik ere, nahiz eta ez duten oihartzun larriegirik sortzen,gehienetan.
Eta sarri idazle izan nahi dutenek aurrena bere irakurle-trebezia erakusten dute. Idazle izan nahi duten gazte batzuk , edo nonbait, euskal literaturaren jakitun izan nahi duten gazteak , baina , esango nuke , ia beti ( eskerrak!) bere iritzia beldurrik gabe eman nahi duten gazteek egiten dituzte liburu-iruzkinak, komunikabideetan. Beraiek hitz egiten dute gehien euskal liburuez. Beraien idatzietan dago euskal liburuei buruzko aipamen gehien .
Gero badira literatur kritikoak ere. Horietako batzuk euskaraz idazten den guztiaren azterketa edo aipamen sistematikoa egiten dute. Liburuak gure mahaietan irakurri eta apaletan kokatzen laguntzen digute. Ez dira beti liburu berriak, ez dira beti egungo euskal idazleak. Idatz eta Mintz, Egan, Hegats…dira, euskaraz beti, horretan diharduten aldizkariak. Irakurle-kritikalari horiek ematen diote segida idazlearen lanari .
Arte-zelaiak
Baina liburu-dendetan erosten ez diren liburuak Durangoko Azokara erostera egiten dugun bidean, pentsatzen dut , festa honek, euskal letrak sakratu bihurtzen dituen gainezkaldi honek, urtean urteko liburuen ekoizpenak aztertzeak bezala, edo euskal literaturaren alorrari buruzko etengabeko zilipurdikatzea adierazten duten atzera-aurrek ez ote dituzten estaltzen gure erabaki konszientea, euskaraz idazteko erabaki konstzientearen ondorio batzuk?
Behar bada zer da euskal literatura galetu aurretik, zer gara idazleok euskal literaturan galdetu behar dugu.
Euskaraz idazten dugu eta euskaraz idaztea erabaki dugu, eta horrek baduke, izan dezake eraginik, bistan denez, gure literatur unibertsoan. Arras egoera diglosiko batean bizi gara eta bertsolariak bezala, euskaltzainak bezala, konparazio batera, euskal hiztunen erreferente sinboliko bilakatzen gara euskal idazleak. Horri esker, euskaldunak jarrai dezakete euskararekin harro egoten, euskaraz egiten ez dena ez baita euskararen akatsez –Axularrek gogoratuz zuen bezala – , baizik eta, izatekotan , euskaldunen akatsez .
Baina aldi berean, euskal liburuak , euskal idazleak… ikustezinak dira – gara -- euskarazkoa ez den literatur esparrutik kanpo ( beste asko guretzat diren bezala ), eta euskal idazle askoren ikuspegitik, gurekin bizi diren eta guk ikusten ditugun eta estimatzen ditugun literatur unibertsoan, hain zuzen ere; eta horrela , guk begiratu eta irakurtzen dugunak dira , sarri, gure bakartatean, gurtzen ditugun jaunak. Eta haien menpeko dago gure gogoa. Jainkoen hitz baten aldaera nimiñoagatik aztora gaitezke…eta gure ondoko idazle batek esan duen egia handi batekin arduratu ere ez.
Kolonizazioaren sindromeaz , ghetto edo menperatutakoaren konplexuaz… funtsean gutxitasun konplexu batetaz ari gara, eta , sarri, eztabaida askotan lausotuta utzi nahi den konplexuak eragiten ditu iritzi asko eta asko.
Eta Hannah Arendtek, aspaldian irakurri dudan libururik burutsuenetako batean dioena gogorarazten dit. Liburu hartan, Lessing hamburgiar filosofoaz , edo Rosa Luxemburgoz zioenarekin, orokorrean, judutarrek pairatutako jazarpenari erantzuteko moldeak aztertzen ditu . Garai batzuk eta jende batzuk, paria izatea onartu ezinda , asimilatzera jotzen dute; judutarren artean, esate batera, Mendelsson, musikari bikainaren aita-jaunaren seme-alaben bidea izan daiteke ; beste batzuetan, berriz, euskal kulturari aurre-suposatzen diogun “anaitasun “ edo ahizpatasun bat sortzen da. Baina anaitaun edo ahizpatasun honek batzuetan gizatasun-eza ere sortu ohi du, munduaz gabetutakoen bizipena munduaz bat ez egitea. Izan ere, mundutik baztertuak sentitzen direnen artean sorten da sarri taldekideekiko harreman bero eta goxoa, baina, sarri, munduan eragiteko itxaropenik ezak sortua da.
Hannah Arendtek dioen bezala, herri baztertuen baitan sortzen den harremanen berotasuna ezin da zabaldu munduan eragin nahi duten herrietara, hain zuzen ere, berotasun horrek baduelako zerikusia, munduaz ez arduratzearekin. Eta garai ilunetan berotasunak ordezkatzen du argitasuna, munduaz horren lotsatuta dauden guztiek, nahi, ikustezintasunean babestea nahiko zuketelako, hain justu.
Zergatik gara idazle eta zergatik gara euskal idazle ?
Hitzaren adierari begiratu ezkero, zentzu orokorrean, idazten duenari dei geniezaioke idazle. Ikuspegi zabal horretatik ikusita, idazle da idazten duen edozein, beretzat idatzi, ala beste batzuentzat idatzi , koaderno batean idatzi ala argitaratu.
Gizarteari erreparatu ezkero, aldiz, badira, gutxienez, beste bi baldintza :batetik, idazketak sor lanezkoa behar du , eta ez ez du kopiatze ariketa hutsa , eta , bigarrenik, idazten duenak argitaratu egin behar du, idazle bilakatzeko.
Baina, gaur egun , aurreko baldintzak betetzen dituzten guztiek ere ez dute bere burua idazletzat. Eta fenomeno kuriosoa gertatzen da gure artean, oso gutxik azaltzen dute bere burua euskal idazletzat.
Idaztea bizibide duen gutxik aitortzen du bere burua idazletzat ( kazetari, testu-liburugile….) eta, paradoxikoki, bere bizibidea beste arlo batzuetan duen jende askori aitortzen diote komunikabideek idazle-izaera , batipat hainbat jenero erabili ezkero ( poesia, nobela….)
Litekeena da euskal idazleak daukan kapital sinbolikoak izutu eta beldurtzea idazten duena, eta horregatik ez definitu nahi izatea idazleak bere burua idazletzat, idazten dutenek ez nahi izatea kutsu sakratuko mantala jaztea .
Litekeena da, azken urteetan idazle / intelektual binomioaren zamak ere uzkurtzea inor bere burua idazletzat aitortzeko orduan.
Denagatik dela ere, baina, deigarria egiten zait euskal literatur alorrarri buruz, orkorrean, horrenbeste iritzi ematen den garaian, hain zuzen ere, honen ausnarketa gutxi irakurtzea idazteaz eta euskaraz idazteaz; harrigarri egiten zait, askotan, euskal idazleok zein gutxitan aipatzen ditugun gure euskal erreferentziak, zelan gure idazketa aurkezten dugun dorretxe bateko gela batetik eginda bezala, eta zein zuhur garen beste euskal idazleen lanak publikoki goresteko orduan.
Honenbesteraino non inozo lirudike, orain, Etxpareren pozak euskara inprimatuta ikusteagatik… oso gutxitan adierazten baita pozik euskal literaturan.
Euskaraz idaztea aukeratu dugu euskal idazleak; batzuk arrazoi batzuengatik eta beste batzuk beste arrazoi batzuengatik. Arrazoi asko izan daitezke , eta idazteko aukeratzen den generok berak ezartzen ditu, sarri, arrazoibide eta ibilbide franko eta ondo ezberdinak gainera; ez baita berdin, euskaraz ere, dibulgazioa, fikzioa, posia, kirol kronika edota saiakera idaztea . Ez idazketa prozesuari dagokionez, ez argitalpen prozesuari dagokionez eta ez eta irakurketari dagokionez ere.
Hori edozein hizkuntzatan idatzita ere halaxe da. Baina munduan askok ez bezala, guk , geurea denean ere, hautatu egiten dugu euskara idazteko. Arrazoiak anitz izan daitezke horretarako ere, bata, naturala, euskaldun denak euskaraz idazteko senti dezakeen joera ; edo , bese batzuen artean, gure hizkuntz egoeran, euskara bere lehen hizkuntza gisara jaso ez duenak, euskara itzuli nahia erdaldundu zuen gizarteari.
Eta aukera hori naturaltzat dut , euskara hautatu duen idazle askok, gai anitzetan, hasiera batean, erdaraz hobeto idatziko zuela jakin arren: ikasketak erdarazkoak izan ziren, erdaraz asko irakurtzen da. Ez dago euskal idazleen artean erdara erabiltzeko ezintasun tekniko handiegirik , ziurrenik. Baina idazleak behar du hizkuntz-sena bat, eta irizten diot , idazle askok erabaki duela , egundaino idatzi ez den zerbait idatzi nahi badu euskaraz idazteari ekin behar diola, ezinbestean.
Eta hori bada askoren arrazoi ederrenetako bat: irakurri gabe zegoena idazteko irrika, desira. Baina ondo ulertu behar da : ez da , bakarrik, euskaraz idatzi gabe zegoena irakurtzeko irrika, baizik eta idatzi gabe zegoena euskaraz hobeto esan ahal izateko irrika.
Aldi berean, osatzen eta indartzen ari den literatur alor muga-ezin batean aritzeko aukera ere garrantzizkoa da euskaraz idazteko eta irakurtzeko euskara hautatzen denean; mugarik ezak dituen alde one ta txar guztiekin bada ere.
Horregatik ere, irakurri ez duena idatzi nahi duten beste idazle askoren arrastoen atzetik ibili gara, euskaraz zein erdaraz. Eta irakurle umil izan behar da, aurreneko; eta maite ditugun liburuetan idazleaz batera irakurle on bat bilatu orduko , txalo eta fu egin eta astiroago, behatza letra azpira eramanez irakurtzeko gogoari eutsi behar zaio. Eta euskaraz idazten dugunok ezin diogu , bakarrik, -- bakarrik diot -- , irakurle kopuruari begiratu.
Irakurri ez dugun horren bila , egia da, gero… euskaraz idatzitako hainbat orritan aurkitutako plazerik ez dugula aurkitzen erdal liburu askotan, eta hori aski dela pentsatuta ere jarraitzen dugula idazten eta idazten; eta jarraitzen dugula irakurtzen eta irakurtzen, behar bada, badakigulako, jakin, geuk asmatzen ez badugu ere irakurri ez dugun liburu hori idazten , beste euskal idazle batek egingo duela irakurri nahi genuen liburua, euskaraz.
Eta hori horrela ez bada, ezta euskal literatura jalgiko munduko plazara, baina hala den bitartean, hamairu liburu, hiru atalogo eta bost zorro ez ditugu aski izango hurrengo urtera bitartean.
Tere Irastortza