Oraina, historia eta histeria artean
- Xehetasunak
- Kategoria: ARGIA
- Bisitak: 3564
Beraz, esan gabe doa, besteek idatzitako historia irakurtzen ohituak ginen. Ohituta baina ez erabat etsita. Gure trazarik ez duen historiaren zirrikituetan orainaren zantzuak igertzera ere iritsiak ginen.
Erabat ez etsitzeko, hala ere, bazen arrazoirik. Alde batetik, urte askoan gure historiari buruzko hainbat ikerketa eta hedaketa-lanek itxaropena sortu zuen. Aurrerantz aritu gara atzerantz begiratu dugun guztietan. Bestalde Euskal Herriko historiako mitoak apurtzen egindako lanari esker, ustez, atzera begira emandako denboran, gehiago aintzinatzen ginen.
Hala ere, Euskal Herriko historiaren mitoak erauzten zenbait hedabidek egindako eginahalak garbi utzi du Euskal Herriaren historiarekin Euskal Herriaren izaera bera suntsitu arteko onik ez dagoela. Ikastoletan historia erakusten den moduari egin zaion erasoak Euskal Herriak duen ezaugarri bipilenetako bati ekinez, Euskal Herriaren izaerari eraso dio. Antza denez, historiak kalte egiten die, sarri, orainari mugak jarri eta etorkizuna baldintzatzea nahiago dutenei. Hara bada, nola historiak akademizismotik kanpora baduen gure mentalitateen osaketan eginkizun garbia.
Guztiarekin ez nuen uste historia histeria kolektibotik horren gertu egon zitekeenik, harik eta telebistan alardeko zenbait irudi ikusi arte. Historiak, bistan da, gure erreferente sinbolikoekin egin du topo. Topo egin, huts eginez gainera. Ziurrenera, aldez aurretik beste kasu askotan bezala. Izan ere, ez ditzagun eskuak burura gai honekin bakarrik eraman. Euskal Herria euskara ez dakiten euskaltzaleez gainezka dago, eta, kuanto, baita erdalzale diren euskaldun askoz ere. Euskal Herriko eliztarren adina 45 urtez gorakoena da eta hala ere, jende gehiena, elizaz ezkontzen da. Euskal Herrian adina Gobernuz Kanpoko Erakunderik inon ba ote den ez dakit. Hala ere, euskal herritarren artean ametsik kutiziatuenetako bat Administrazioan lan egitea da.
Baina ez nuen inolaz ere espero emakumeak Ejerzitoan edo Ertzaintzan sartzea txalotzen dutenak berak izaterik Alardean txirula-jotzen ikusteagatik horrelako istilurik sortuko zutenak. Ez nuen inolaz ere espero historiaz eta Frantzia eta Espainia artean izan omen zen guduan Nafarroa eta Gaztelaren arteko harremanak inork ez aipatzerik. Ez nuen inolaz ere uste bakearen aldeko heziketan ejerzito eta indarkeria guztien aurka altxatzen diren herrietan, mugatik gertu daudelako "herriska globala" aldarrikatzen den herrietan garaipen militar batek honelako sua piztuko zuenik.
Uste ez nuena gertatu da, bada, aurten ere. Historiaren izenean histeria bultzatu da. Eta zergatik? Ez ote da historiaren mito batzuk erortzeaz nekaturik, betiko historia zentralistaren eta histori mugiezin baten erreferente sinbolikoa behar dugulako? Bapatean, beste muturra behar bagenu bezala. Guztiak dena jakitea eskura dugula sinistaraziz, ezerk esplikazio eta argibiderik ez duela sinistuko bagenu bezala. Gizartea nahiko aldakor badela eta, oraina aski mugikor badela eta gure mundu sinbolikoari ez mugitzeko eskatuko balitzaio bezala. Gaurko egunari langarik jartzea onartzen ez dugunean, historia histerikoki itxi nahi bagenu bezala.
Tere Irastortza