Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia    

Egia hezur duzue J. K. Igerabidek bere azken aforismo liburuari eman dion izenburuaz geroztik. Egia-bidean, egia bila, egia-kezka, egia gezur, egia hegian... Asko zitezkeen egiaz aritzeko idazleak hauta zitzakeen ikuspegiak, eta, askori gertatzen zaiona, liburua amaitutzat jo ostean asmatu du koskan J. K. Igerabidek.

Zer esan nezake egiaz izenburu horretan adierazita ez dagoenik? Egiaz aritu al da, gainera, J. K. Igerabide liburu honetan? Egiatan, sinistuta ekin diolakoan nago, hori bai... baina hurbildu eta urrundu, orain hemendik begiratu eta gero handik ekin dion idazkeraren tankera du liburu honek, bere izenburuak, baiki, beste jauzi bat egiten laguntzen du.

Egia-gezurrak. Egiarik ez bada ez da gezurrik. Gezurrik ez bada ez da egiarik ûgoirik gabe beherik ez dagoen bezala eta atzealde gabe aurrealderik ez den bezalaû. Txanponaren leon-kastiloak dituzue egia-gezurrak, zeru eta lurrak, itsaso eta lehorrak bezala: elkarrekin sortutako kontzeptuak eta horregatixe, elkar deuseztatzen dutenak, alde bakarreko txanponek bezala alde bakarreko kontzepturik ez dagoenez.

Egia-gezurrek ere horregatixe dirudite horren erlatibo, horregatixe daude elkarrengandik horren gertu, sarri. Litekeena da, gainera, egia guztiak ere ez guztientzat esanak izatea, hainbeste logia, hainbeste orakuluk eta hainbeste mirakuluk erakutsi diguten bezala. Edo egiak gizarteratzeko bere aldiak behar izatea. Egia apokrifoez ere ari gaitezke, bidenabar, ebanjelio apokrifoz ari gaitezkeen bezala. Behintzat, J. L. Borgesek zioen modu hartan, zeinetan, apokrifo hitzak ez baitzuen gezurraren adiera, baizik eta gordearen adiera. Hartara, ebanjelio apokrifoak gutxi batzuk bakarrik irakur zitzaketenak dira, mundu katolikoaren tradizioa elizetan sekula irakurri ez diren ebanjelioen irudira osatu arren. Gerta liteke Jesusen haurtzaroko ebanjelio arabiarrean dioen bezala, zuhurtziaz erabakitzea Jesusek bere herrikoen artean biziko bazen "bere prodigio, misterio eta parabolak ezkutatzen" hastea, eta hogeita hamar urte egin eta bataiatu zuten arte konformatzea Thoráren arauekin.

Egia-gezur: gertuegi daude askotan, ez zuhurtziagatik, komenientziagatik baizik. Askok aspaldi ikasi zuten, antza denez, garrantzizkoa ez omen dela zerbait egia den ala ez galdetzea, zerbait sinestarazten asmatzea baizik.

Egia hezur. Izan ere, egia asmatu egiten da. Batzuetan egia da bete-betean asmatzen delako; eta besteetan egia da ezinbestean asmatu eta sinestea lortzen delako.

Egia hezur: hara literatura modernoarentzat Igerabidek asma zezakeen irudirik ederrenetako bat, gorde-ezkutuan ageri diren hoskidetasunik zaharrenez baliatuz.

Egia hezur: Izan ere, metafora, irudia, definizioa, igarkizuna... erretorikan horrenbeste moldeetan deitu dituen baliabideak ez baitira gramatikak erakusten zizkigun atributuzko esaldien erabilera anitzak baino. Definizio batek hartzailearentzat ezezagun bide den kontzeptu bat ezagunago zaizkion beste batzuekin osatutako esaldi atributuzkoa du oinarrian, igarkizunak bezalaxe. Hark, ordea, osatu egin nahi du ezezagun ez dena ezagun denarekin; igarkizunak, aldiz, definizioaren ifrentzuak, ispiluaren zilarralde, ezaguna ezezagun bilakatu nahi du, osagai ezagunez baliatuz. Metafora, irudiarekin... ezezagun den zerbait asmarazi nahi du idazleak. Egia hezur.

Egia hezur! Inolaz gezurra ez denik ondorioztatu ez duen gizarteak nekez lurpera dezake egiaren kontzeptua. Baina gezurrak horren nabarmen direnean eta egiak horren ezkutaturik agertzen direnean, egia hezur da, Bereterretxeren Khantorian bezala; hezur eta muin, bederen. Eta bedi egia, gizakiak egiazko hezurdura behar baitu bere gorputzari zutik eusteko; ornogabe bilakatu eta egunerokotasunean arrastaka ez bizitzeko.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago