Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
argia    
pdf    

Urtea pasa arren, ezer pasa ez ote den beldurrez. Urte amaierako sindromea ei da, halako zerbait asmatu behar balitz, eta urte amaiera itxaropenen eta beldurren bilgune bilakatzen da. Pentsio planak, inbertsioak eta errentak aztertzeko ordua iritsi bide da, igandeetako prentsako ekonomia gehigarrien arabera. Urtekarietako gehigarrietan urteko eboluzioaren berri jakiteko ordua iritsi da: munduaz, eraldaketa klimatikoaz, Realaren egoeraz, euskal kulturaz, hizkuntza plangintzaz.

Aurreko urte bateko urtekariak ditut gogoan eta aurreko urte hondarreko oharrak begi bistan. Halaxe izan zen, pasa den urtean ere. Baina joan den urtean, artean, aieru txarrak agertu arren, itxaropenari eutsi nahi zion giza-taldea hiztunago zen, etorkizunari buruz hitz egiteko itxaropenaz aritzeko ez zen hainbesteko lotsarik.

Litekeena da, orain gutxi Elzori irakurri nionagatik, hedabideetan alderdi ezkorrenak argitaratzeko joerak gure errealitatearen pertzeptzioa guztiz ezkor bilakatzea. Areago, gure adimena kamustu eta hedabideetan agertzen ez denik ez ikusi ere egitea. Edo litekeena da goizeko orduetara argia baino lehen iristea, eta ortzi mugarik ez ikustea. Baina urtea pasa arren, ezer pasa ez ote delakoan nago.

Urteko balantzeaz gain, gure sasoiaren balantzak ere gizarte gizendu baten zantzuak uzten ditu. Giharrik ez egoera askori buelta emateko. Arazoen aurrean inhibizioa, ihesa eta depresioa, askotan. Agian ondotxo bizi gara ezer aldatu nahi izateko, geure itxaropenei eta desioei buruz dugun ikuspegia bera ere aldatzeko, baina irudipena dut erabakimena galtzen ari den gizarterantz goazela. Existentzialismoak aukeratzea eta aukera artean erabakitzean funtsatu bazuen belaunaldi askoren identitatea, gaurko belaunaldien aukera, aukeran ez aukeratzea bide da.

Eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugunean, eta erabakitzeko eskumena ukatzen zaigunean, eta hau eta hori esateko hitz egiteko eskatzen zaigunean eta hau eta beste esateagatik gure ordezkariak preso eraman ditzaketenean, eta kontuak atera eta gehiengo omen denak bere gehiengoa erabiltzen duenean arrazoi bakartzat, arrazoibidez aurrera atera ez daitezkeenak ateratzeko, iruditzen zait urtea pasa dela eta ezer ez dela pasa.

Leihotik begira eta ez du egunak argitu, eta izotz handi bat egiten du; elurterako hotzegi. Esku bat bestearekin bildu eta egutegira begiratzen dut. Hurrengo batean, urte hasierako artikulu bat idatziko dut, urte hasierarako beti aurkitzen da itxaropen izpi bat. Urtea bezala artikulua amaitu beharrean nago; egitekoen zerrenda sozialari erreparatzen diot, besteak zoriontsu nola egin pentsatzeko tarterik hartzen ez duen gizartearen etxeak opariz betetzeko egunak datoz.

Tere Irastortza

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago