ARGINABAR
Demagun, arima hortzetan daukadala
aurkitzen nauzula,
eta lumaje arre gorrixkako izan zenaren argi-oilar
haren argi-itzalek
oraindik aspaldiko zoriontasunaren epela
gogora ekartzen dizutela.
Demagun, ene begiek oraindik argi-zulo
diruditela;
ordu horretarako, nago, dena irudipen bihurturik
alferrik izango dela atzera egin nahi izatea:
gure planoko zenbaki konplexuak
adierazten duen bektoreak
abzisen ardatzekin osatua izango baitu
angelua,
-angelu edo argumentua-
eta horrekin ezagun izango baitira gure bizitzako
traiektoria ezinbestekoaren ildo orokorrak.
Aukeran, beraz, nago, arimezkilak bezala
hobe dugula
hegaldatzea eta isiltzea,
arginabarrarekin batera.