Maite Lopez Las Heras (2024ko martxoa)
Sortzea mingarria da, erditzea bezalaxe. Minetik sortzeari sormin dei geniezaioke, edo, besterik gabe, erditze. Emulazioz dugu sortzen, nahiz sortzaileak bere burua berritzailetzat jo. Poetalariak sufritu duena aurrez sufritu dute beste poetalari batzuek, mundua berarekin jaio zela uste arren. Jadanik maskara guztiak jantzi dituzte gure aurrekoek. Nahi eta nahi ez, sortzaileak ahotsa behar du izan, baldin eta sortu nahi badu. Eta ausardia. Edo kemena, indarra.
Sortzailea besteek sortutakotik elikatzen da. Hiztegiak, entziklopediak, poesia argentinarra (Juarroz), edo frantsesa (Baudelaire, Flaubert) dira bere elikagai. Sortutakoa da sorkuntzaren bazka, ez dago besterik. Poesia egiteko, kasu, aldi berean edertzen eta estutzen duen hartaz baliatu behar du poetak; lepokoa ez baitute perlek egiten, hariak baizik. Poesia, beraz, haria da, eta perlak. Poetak, Irastortzaren hitzetan, Jainko izan nahi du, eta profeta; hitza eta esaldia osatzen duten ideia anphoran gorde nahi du, antzinako gordeleku hauskorrean, ideia bera apurkorragoa izan daitekeelakoan. Eta poesiak hutsune bat bete dezake, sortzeko espazioa behar baita.
Hiztegiaren arabera, sortzailea Jainkoa ere bada, gauza guztien kreatzailea den heinean. Uler daiteke, hortaz, poetak Jainko izate nahi hori. Batzuek arima dute mintzagai, eta besteek gertuagoko gaiak, hala aberria nola PFZa. Askok, ordea, beren gorputza ezabatzen dute ni, hi, hura, gaur, atzo, hemen. Gorputza ezabatzea, beraz, batzuetan aitzakia izan daiteke, kanpoko gaietaz jarduteko, edo jakintzak besterentzeko, edo sentimenduak; besteetan, ordea, irtenbide bakarra. Gorputzaz aritzea, bada, ezinbestekoa da besteen arimetan sartzeko, etorkizuna eta aukerak behar ditugulako idatzi ahal izateko.
Poesiak memoria du ardatz. Edo, hobeto esan, memoriaren gabezia. Halaxe dio behintzat egileak: Ahantz daitekeenagatik bakarrik idatz daiteke poesia (edo gogora ekarri ezin daitekeenagatik). Beraz, poesia oroimenean gordetzen da oroimin bihurtu arte. Ezintasuna eta ahalmena dira poesiaren dohainak, memoriaren zidorrak. Memoria, bakarrik, denbora egindako tragedia dela baieztatzen du poetak. Eta oroimena jainkoen ezaugarria izan dela eta ahaztea gure defentsa, gure desenkusa, gaineratzen. Zehazten ez duen noren horrek, beraz, badu memorian aztarrika aritzeko estakurua. Azkar berotu eta berehala hozten den burni mehea loditu behar dugu, baldin eta bakardadean geure burua kiskaldu nahi ez badugu.
Jaio nahiz sortu aditz iragankaitzak dira, gizonezkoek zerbait egin dutela esateko erabiltzen diren aditzak, Irastortzak dioenez. Erditzea, aitzitik, emakumeak bakarrik egin dezakeen ekintza da. Horrexegatik, hain zuzen, amatasuna ordezkapenik gabeko lekutzea delako, alegia, presentzia behar du izan. Izan gaitezkeelako gara asko.
Hasieran bazen hitza. Halaxe diote behintzat Idazteunek. Baina hitzak ahotsa behar du lagun, osterantzean, musikan isilunea bezain deserosoa izan daiteke, eta izua eragin; barrutik jan. Halarik ere, isilbidea elkarrizketa bezain zaharra dela dio Irastortzak, baina , zehazten du. Norena, ordea, sortzailearena ala emakumeona? Ala emakume sortzailearena?
Sortzaileak badu bere baitan isilpeko zin bat, bere buruari egindakoa, sarritan ezagueraz jabetu ez arren. Sor-zina da. Intimitateak baten kontua izaten uzten dionean, poeta bakardadetik bereizten denean, alegia, zilbor-estetik askatu eta espazioak beteko ditu, apetatsu, mugarik eta hesirik gabe, norbere baitako espazioak aurren.
Hirutan banatzen da poema-liburua: sormin, sormen eta sorzin. Atal bakoitzean sorkuntzaren aldi desberdinen hausnarketaren aztarnak aurki daitezke. Esperientzia berezibikoa da idazlearentzat ez ezik irakurlearentzat ere mitoaren eta errealitatearen arteko gogoetan murgiltzea. Sortzeko, bada, egiteko, alegia, sortzailea behar da, egilea. Sortzen duena, beraz, sor-gina litzateke. Akaso, hortaz, sorgin guztiak ez zituzten sutzarrean hil.