Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

puntua5Rosa etxekoa dela esan guran

Hogei urteren buruan plazaratu du Pako Aristik azken nobela. Esan gabe doa arrakasta eta indar handiz nobela argitaratuz hasi zen gazte hura gizondu egin dela dagoeneko, eta bitarte honetan apenas dagoela ukitu ez duen generorik. Rosa itzuli da lanak ekarri du berriro nobelara. Eta egia esango badut, eguberrietan irakurri orduko, hurrengoan nobela honetaz ariko nintzela erabaki nuen.

Nobelari thriller politikoa izatea onartu zaio, eta ezin ukatuko dut. Liburua erraz irakurtzen da orokorrean – hasierako kapituluren batek ikuspegi politikoagoa duen heinean norbait ez aurrera egitera eraman badezake ere–. Pertsonaia nagusia Euskal Herrira gaurko egunez itzultzen den ETAko kidea izana da. Rosa ez da jada herriko emakume gazte hura, indar betez itzuliagatik herrira eta familiara. Eta bere egunerokotasun berriak, protagonistak berak eta euskaldun askok irudikatu gabeko egoera baten aurrean jartzen gaitu. Besterik eman arren, Rosa ez da gaur egungo egunerokotasunera itzultzen, baizik eta, hein handi batean, bere familia eta lagunartearen iraganera. Alzheimerrak jotako amarekin hitz egin beharrak inoiz esan gabeko bizipenetara eramaten du etengabe protagonista, ama hil aurretik erloju-kontra gertatzen zaion bizimoduan.

       
HALAKO NOBELEK
GEURE GIZARTEKO
PROTAGONISTA
KONTZIENTE IZATERA
BULTZATZEN GAITUZTE

Eta niri thriller politikoaren kontraesan jokoaren aurkezpenaren aurretik, bereziki, ama-alaba eta familiaarteko harreman gordeen aurkezpena egin zait eder, berritzaile, Euskal Herriaren historiaren eta egoeraren metafora.

Nobela aise irakurri arren, zeresan eta zer-pentsatu handia ematen duen nobela delako gomendatzen dut, beraz. Iruditzen zait euskaldunon artean zabaldu den lubakiaren gainera euskal literatura ari dela betelanerako behar adina lur botatzen, arrakalak ixteko. Gauzak esanda utzi behar dira eta patxadaz irakurri ahala berriro hizketan hasteko moduak moldatzen.

Izan ere, Euskal Herrian gauza asko esaten da, baina honek ez du esan nahi esan beharrekoaz elkarrekin hitz egiteko eta aritzeko parada askotan hartzen dugunik. Eta ez da beti kanpotik isiltzera behartzen gaituztelako, demokraziaren aita-ponteek hainbestetan aldarrikatzen dutenez. Izan ohi da, sarri, alferrik aritzeko sentipenagatik ere. Konprenitzeko beharrik sentitzen ez duenari zertan zabaldu barruak… Eta isilaldi isolatzaile horietan Aristirena bezalako nobelek geure gizarteko protagonista kontziente izatera bultzatzen gaituzte.

Eta niri, Rosa itzuli dela esanez, iruditu zait bere herrikoak garela gogoratzea dagokidala.