Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

puntua4Garo-usainik ez

Lizardiren Itz-lauz erabili dut eskutan, Edili argitaletxeak 1972an Gasteizen argitara eraman zuena. Eta irakurtzen, hasi, Erdi-bearra artikuluagatik hasi nintzen, bertan agertzen baitira Lizardi, idazle jantziak, bere lana justifikatzeko egin behar izan zituen ahaleginak. Eta bertan adierazten du nola erditu behar horrek estu antzean hartu zuen otsail batean eta nola yaiki, eskuratu makil bat eta mendira yoan... [zen], giarrari astiñaldi bat emanaz. Erditu behar hartatik Negu poema nola osatu zuen adierazi zuen, eta nola, adiskide euskaltzale batek onar zezan gazteleraz itzuli zion. Horren ondorioz, erabaki zuen nola argitaratuko nuken nik olerki-idazti bat. Eta dio: Idazki txiki bat egingo nuke, bitxiazaldun, paper bikañez, sakelerako erakoa. Olerkirik gutxi: amabost-ogeitsu. Ta olerkiok enituke emango euskera utsez: alboan zeñekbere erderalrena luteke, aalik ondoen egiña. // Saltokian biltorri ( bildu orri) nabari bat yantzita agertuko nituke: bertan itz arro batzuk, erderaz.

Gero, liburu osoa irakurri dut. Gauza askogatik iritsi naiz Lizardi mirestera. Bere poesiagatik, baina baita euskal kulturak izan dituen gizon eta emakume praktikoen ahaleginengatik ere.

       
LIBURUAN ZEHAR
ORDUKO ETA ORAINGO
NEKEEN ETA AJEEN
LORRATZ ZIKINDUA
AGERI DA ASKOTAN

Liburuan zehar, ordea, orduko eta oraingo nekeen eta ajeen lorratz zikindua ageri da askotan: euskararen erraztasuna eta zailtasuna, euskararen aldeko bileretan ere erdaraz aritzearen ajea, eta Eusko Ikaskuntzako aurreneko bileretan euskaraz egindako laburpenengatik miratzea... eta ezin izan diot liburu hau iruzkintzeko gogoari eutsi.

Eta ez diot uko egin Lizardiren Itz-lauz artikulu-bildumaz hitz egiteari, bide batez, askotan lez, Elviria Zipitria euskal andereñoen andereñoa omentzeko ikusi ez dudan dokumentala estreina berria omen delako (Ira). Gauza askorengatik miresten dudan emakume eta andereñoa da Elvira Zipitria Irastortza, bakartua –eta hein batean isolatua ere izan zena, nire irudiz–. Ez omen zuen ezer idatzia utzi... eta zer idatzia emango du, oraindik, uste dudanez. Hala ere, nire ustez, batzuetan Orixerena dela adierazten den Leoi-kumea haurrentzako ipuina berak idatzia izan liteke, euskal aditzen koadroen berritzaile izan zen bezala. Sinatu ere, antza denez, bigarren abizenaren –Irastortza– erroarekin sinatu baitzuen.

Bete bitzate beste berrogeita hamarna urte ezinean ekin duten guztiek, eta asma dezagun nola zabaldu geure liburu eta diskoak, eta nola irakurtzeko eta ezagutzeko grina sortu. Eta ez bedi bildu gabe gera euskal kulturan basoetako garo eta irarekin gertatzen denez.

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago